EH Bildu koalizioak indar metaketaren aldeko apustua egiten jarraituko du. Beti ere, haien apustu nagusi diren burujabetza eta gizarte eraldaketa lortzeko asmoarekin. Maribi Ugarteburuk atzo Infozazpi irratian adierazi zuenez, EH Bilduren helburua Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan lehen indarra izatea da, «Euskal Herriarentzat beharrezkoa den jokaleku berri batera igaro ahal izateko». Ugartebururen esanetan, euskal herritarrek beraien etorkizunaz erabaki ahal izango duten egoera bat behar dute: «EH Bildu hori ahalbidetzeko tresna bat izango da».
PPk Hego Euskal Herriko errolda aldatzeko duen asmoa salatu zuen Ugarteburuk. «Ziurrenik ez die denborarik emango aldaketa hurrengo hauteskundeen aurretik egiteko; gure beldurra da epe ertainerako edo luzerako zerbait pentsatzen arituko direla». Sorturen inguruan Auzitegi Konstituzionalak oraindik ezer ez erabaki izana ere «kezkagarria» dela uste du Ugarteburuk. Ezker abertzaleko bozeramailearen arabera, Espainiak estatu «antidemokratiko bat» izaten jarraitzen du: « Espainiak duen defizit handiena ez da finantza arlokoa, demokratikoa baizik».
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, berriz, adierazi du EH Bilduk ahalik eta boto gutxien lortzea espero duela, «euskal gizartearentzat onena» hori izango delakoan. Fernandez Diazen ustez, ezker abertzaleak pauso asko eman behar ditu oraindik.
«Lehen indarra izan nahi dugu, beste jokaleku batera igaro ahal izateko»
Maribi Ugarteburuk dio burujabetza bidean EH Bilduk indar metaketaren alde egiten jarraituko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu