Lehen mailako bost irakasletik lau grebara irten dira Iparraldean

Mila pertsona inguruk manifestazioa egin dute Baionako karriketan, Frantziak egin nahi duen irakasle murrizketa gaitzesteko14.000 irakasle postu kentzea aztertzen ari da Frantziako Gobernua

Hezkuntzako sindikatuek deituta atzo Baionan egindako manifestazioa. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Hezkuntzako sindikatuek goizeko hamaiketan deitu zuten manifestaziora atzo Baionan, baina ordurako «etxeko lanak» eginak zituzten. «Lehen mailan, grebaren oihartzuna %78 ingurukoa izan da, eta bigarren mailan izandako erantzunaren emaitza lortu ez badugu ere, erran genezake gaurko greba arrakastatsua izan dela», azaldu zuen Katti Petrissans FSU sindikatuko kideak manifestazioa abiatu aitzin. Luzaz jendearen beha egon ziren sindikatuak, baina familia eta haur asko etxean gelditu ziren atzo. Hala ere, mila lagun inguruk parte hartu zuten manifestazioan.

Herri bat, eskola bat. Gure geroa zioen sindikatuek manifestazio buruan ezarritako banderolak. Gibeletik sindikatu nagusien banderolak, hala nola CGT, CFDT edo FSUrenak. Eta manifestazio «bateratuaren» gibelean, LAB. 250 lagun inguruk osatzen zuten sindikatu abertzalearen multzoa. Kalitatezko eskolaren alde, aukera berdintasuna, irakasle murrizketarik ez! zioen LABen banderolak.

Iaz, 16.000 irakasle lanpostu kendu zituen Frantziako Gobernuak, eta duela bi urte, bertze 16.000. Heldu den urteari begira, bertze 14.000 kendu nahi dituela iragarri du Hezkuntza Ministerioak. Irakasleen murrizketa sistematikoak eskolaren kalitatea eta horren funtzioa kolokan ezartzen dituela uste dute sindikatuek. «Azken bost urteotan gobernuak 80.000 irakasle lanpostu kendu ditu, eskola laguntzaileen prekaritatea muturrera eraman du eta, ororen buru, zailtasunetan dauden ikasleei ematen zaien laguntza murriztu du eta eskolak duen gizarte berdintzaile izaera suntsitu», erran zuen atzo Isabelle Soule FSUko sindikatuko bozeramaileak.

Datorren urterako iragarri dituzten lanpostu murrizketek haserrea piztu dute, eta xede hori bertan behera utz dezatela eskatzeko, grebara jo dute. Departamenduan 29 lanpostu kendu zituzten iaz lehen mailan eta 50 lanpostu bigarren mailan. Sindikatuek diote biziki zaila dela jakitea zenbat lanpostu kendu dituzten Ipar Euskal Herrian, bi eleko ereduaren kontaketarekin kontuak «korapilatzen» direlako.

Eskola porrota

«Irakasleoi gure lana egitea eragozten digute, erabaki politiko horrekin eskola porrota sustatzen dutela jakin arren», azaldu zuen atzo Soulek. Neurririk nabarmenena irakasle lanpostuak murriztea bada ere, bertze hainbat erabakik ere eragin dute hezkuntza arloko langileen egonezina eta samina. Iaz irakasle berrien trebakuntza kendu zuen Frantziako Gobernuak, eta geroztik, maisu-maistra berriek ez dute esperientzia duen irakasle baten laguntzarik izaten; zuzenean ikasgela baten ardura hartzen dute. Bertze kasu batzuetan, berriz, berenak ez diren gaien eskolak ematera behartzen dituzte. Langileen moldakuntza jarraikiak ere kolokan daude. Gero eta gutxiago onartzen ditu Hezkuntza Ministerioak, eta ororen buru desagertuko direla diote sindikatuek.

Zailtasunak dituzten haurrentzako laguntzak ere murriztu ditu gobernuak. Sindikatuek diote irakasle horien bermea ez badute ikasle horietatik gehienek eskolan porrot eginen dutela.

Usaian ez bezala, eskola pribatuek ere bat egin zuten atzo funtzio publikoan deitutako grebarekin.

Euskara

Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren geldiunea azpimarratu du LABek, eta gainerateko sindikatuen oharrekin bat egin du. «Ipar Euskal Herrian hiru ikasletik bat baino ez da ari euskara bi eleko ereduetan ikasten», azpimarratu zuen Arño Aizagerrek LABen izenean. Ikasleak egiazki euskaldunduko dituen egiazko murgiltze eredua eskatzen du LABek. Euskararen iraupena kolokan dagoela nabarmentzen du eta iraupenari begira berme nagusia euskarari ofizialtasuna aitortzea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.