Konponbide prozesuan aurrera egiteko «lehen urrats» gisa gaur egungo espetxe politika «behin betiko eteteko» eskatu du ezker abertzaleak. Azaldu duenez, badaude oinarriak Espainiako eta Frantziako gobernuen eta ETAren arteko elkarrizketak hasteko, eta horien barruan kokatu ditu gatazkak eragindako «ondorioei» irtenbidea emateko negoziazioak. Ondorio horien artean, presoen egoerak «lehentasuna» duela adierazi du ezker abertzaleak, konponbide prozesuan presoen parte hartzea «ezinbestekoa» delako. Presoentzako neurriei dagokienez, Euskal Preso Politikoen Kolektibo «osoa» Euskal Herriko espetxeetara «berehala» ekartzeko exijitu du ezker abertzaleak. «Espetxeetako egoera errotik aldatzeak normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera egitea ahalbidetuko luke, elkarrizketa politiko erresolutiboari ekiteko beharrezkoa den giroa sortzen laguntzeko ezinbestekoa», nabarmendu du Maribi Ugarteburu bozeramaileak.
Donostian eginiko prentsaurreko batean eman ditu ezagutzera bere eskakizunak ezker abertzaleak. Ugartebururekin batera, agerraldian izan dira Idoia Aiastui, Hasier Arraiz, Pernando Barrena eta Joseba Permach. Urtarrilaren 7ko manifestazioa iragartzen duen itsasgarri batekin azaldu dira guztiak komunikabideen aurrean, eta ekimenean parte hartzera deitu dute.
Ezker abertzaleko bozeramaileak azaldu duenez, espetxe politika bere baitan mantentzea «aurreko konfrontazio egoera mantendu nahi denaren prismatik» uler daiteke bakarrik. Jarrera «immobilista» baztertu eta «euskal gizartearen gehiengo zabal batek» eginiko eskaerei erantzuteko eskatu die gobernuei, Espainiako Gobernu berriari bereziki. «Gure aburuz, PPk aukera historikoa du konfrontazio armatuaren zikloaren behin betiko amaierari erantzukizunez aurre egiteko, ezin du aukera hau galdu», nabarmendu du Ugarteburuk.
Ezker abertzalearen arabera, gatazkaren konponbidean urratsak egiteko «nahikoa baldintza» daude gaur egun. ETAren borroka armatuaren amaiera, bakeranzko aurrerapausoak emateko euskal gizarteak eginiko eskaerak eta konponbide prozesuan nazioarteko komunitatearen jarraipen eta inplikazioa —Harremanetarako Nazioarteko Taldea eta Aieteko Adierazpena—nabarmendu ditu, besteak beste. «Borroka armaturik gabeko egoeran gaude, eta ETAk argi adierazi du desarmerako eta konfrontazio armatuaren zikloaren behin betiko amaierarako borondatea», adierazi du Ugarteburuk.
Konponbide integrala
Ezker abertzalearen arabera, bakea «justua eta behin betikoa» izan dadin, ezinbestekoa da «bere dimentsio osotik» heltzea gatazkaren aterabideari. «Arrazoietatik ondorioetara». Ondorioen artean, ezker abertzaleak dio euskal gizarteak hiru eskaera zuzen egin dituela: indarkeriazko konfrontazioaren gainditze behin betikoa, preso eta errefuxiatuen etxeratzea, eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa eta ETAren desarmea.
Gai horiei heltzeko presoen parte hartzea «ezinbestekoa» izango dela uste du ezker abertzaleak. «Presoak gatazka politikoaren ondorio dira». Hori hala, Euskal Preso Politikoen Kolektibo osoa Euskal Herriko espetxeetara ekartzeko exijitu du, horretarako «arrazoi politikoak eta humanitarioak» daudelako. «Euren [Espainiako eta Frantziako estatuen] legea da, eta preso dagoen pertsona ororen eskubidea da», gogoratu du Ugarteburuk. Halaber, presoen sakabanatze politikak haien senide eta lagunei ere eragiten diela nabarmendu du. «PPko gobernuari exijitzen diogu euskal preso politikoen senide eta lagunei ezartzen zaien sakabanaketaren erruleta errusiarra minutu bat bera ere ez luzatzeko».
Alor horretan Eusko Jaurlaritzak, eta bereziki Patxi Lopez lehendakariak, agertu duen jarrera kritikatu du ezker abertzaleak—presoak gerturatzeko bide orri bat aurkeztu zuen Lopezek irailean—. «Bere alderdiko Rodriguez Zapateroren gobernuari exijitzeko gai izan ez zen hori eskatzen dio egun PPko gobernuari. Ajuria Eneko maizterraz hori baino gehiago espero dugu, euskal iritzi publikoaren aurrean PPtik aldendurik agertzeko adierazpen soilak baino gehiago espero ditugu. Bere bide orria oinarri, euskal preso politikoen eskubideen oinarrizko eskubideen errespeturantz urratsak egitea espero dugu», adierazi du Ugarteburuk.
PPrekin bilduko da EA
EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek, berriz, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean jakinarazi du EAEko PPko buruzagiekin bilduko dela gabon jaiak igaro ondoren. «PPko kideen baldintzak eta mamuak zeintzuk diren jakin nahi dugu». EAko buruzagiak azaldu duenez, konponbide prozesua izango dute hizketagai nagusi. «Guk gure ikuspuntua azalduko diegu. Baina uste dugu haiek oso betebehar garrantzitsua dutela prozesu honetan, bereziki Espainiako Gobernuari dagokionez, eta hori helarazi behar dutela adieraziko diegu», esan du Urizarrek.
«Lehen urrats» modura espetxe politika eteteko eskatu du ezker abertzaleak
Konponbiderako baldintzak betetzen direla uste du, eta gobernuek gatazka politikoaren «arrazoi eta ondorioei» heldu behar dietelaPreso guztiak Euskal Herrira ekarri behar direla dio, haien parte hartzea ziurtatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu