Udalbiltzak bere sorreratik Baltasar Garzon epaileak 2003ko apirilean agindutako polizia operaziora arte hainbat lan egin zuen. Adibide esanguratsuenetako bat Garapen eta Kohesio funtsa da. Bertan parte hartu zuen Dominike Agergaraik abeltzain zuberotarrak. «Zuberoak, gure lurraldeak, azken urtetan ezagutu ditu gibeleratze anitzak eta arrangura handiak», azaldu zuen atzo Iruñean. Zuberoa Paue eta Biarnorekin lotzeko gero eta joera handiagoa izan dela aipatu, eta joera hori «kezkagarria» izatearekin batera «ondorio latzak» izan dituela gaineratu zuen. Haren ustez, Zuberoak beste euskal probintziei loturik egon behar du, eta gogoan hartu du noladuela hamar urte Udalbiltzak «lan oso interesgarria» hasi zuen norabide horretan.
Agergaraiz gain, beste hainbat eragilek Udalbiltzak egindako lana aitortu zuten atzo Iruñean, Udalbiltzaren alde egindako omenaldian. Ekitaldiak iraganean pausatu zuen begirada, beti ere handik irakaspenak eta ondorioak ateratzeko asmo argiarekin.
Udalbitzarekin elkarlanean aritu zen ESAITeko Itziar Arratibelek, kasu, azpimarratu zuen, kirol lehiek gero eta garrantzi handiago duten garaiotan, kirolariak bere nazioaren enbaxadore izan ohi direla. «Horregatik da garrantzitsua selekzioaren ofizialtasuna lortzeko nazioartean Euskal Herriaren aitortza». Gogoan hartu du nola nazioarteko kirol erakundeetan Frantziak eta Espainiak betoa jartzen dioten ofizialtasunaren aldeko aldarriari. «Horregatik, gure erakundeak behar ditugu, gure eskubideak aldarrikatzeko nazioartean».
Udalbiltzaren ibilbidea ez ezik, udalen arteko elkarlanean aurretik izandako aurrekariak ere aipatu zituzten: hala nola 1931ko ekainaren 14an Hegoaldeko lau lurraldeetako udalek Lizarran landutako estatutu proposamena, edo 1976ko uztailaren 21ean Bergaran 67 alkatek bultzatutako mugimendua. Hain justu ere, ekimen hartako bultzatzaile den Jose Luis Elkororen mezua zabaldu zuten bideoz, Auzitegi Nazionalak debekatua baitio herritik ateratzea. Mezuan, Elkorok udalen garrantzia azpimarratu zuen: «Herriko enborrak dira, herrian errotuta daude». Herritarrengandik gertuen diren erakundeak izaki, politikoki duten garrantzia azpimarratu zuen. Era berean, udalen arteko elkarlanak «indar handia» duela iritzi dio. «Gaitasuna du Euskal Herria osatzeko egungo erakundeen gainetik».
Gainera, auzi judizialaren amesgaiztoa amaituta, eta 22 auzipetuen errugabetasuna lortuta, «eskerrak emateko» baliatu zuten ekitaldia. Amaia Iztueta eta Xabier Oleagak Udalbiltzaren babes taldeko eta elkartasun ekimeneko kideek eskerrak eman zizkieten azken urteetan auzipetuei elkartasuna azaldu dieten gizarteko esparru anitzei. Era berean, gogoan hartu zuten Xabier Alegria eta Miriam Kanpos oraindik espetxean direla.
Kataluniako CIEMEN elkarteko Enric Fontanals poztu egin zen epaiagatik: «Elkartearen izenean, zoriontzen zaituztet. Historiak arrazoi eman dizue».
Lehen urteetan egindako lana aitortu dute hainbat eragilek
Miriam Kanposek eta Xabier Alegriak oraindik preso segitzen dutela gogorarazi du babes taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu