Lehendakari berriaren ardatzak

Urkulluk dio bakegintzan bidea elkarrekin egin nahi duela, EAEk Estatutu berria behar duela, administrazioaren egitura %20 murrizteko asmoa duela eta zerga erreforma aldundiekin batera egin gura duela. Gizarte politiketan ez du proposamen zehatzik egin. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1636/[/Berriatb]

2012ko abenduaren 13a
08:35
Entzun

Bakegintza eta Estatutu berria

Bakegintzan bidea elkarrekin egiteko eskua luzatu zuen atzoko hitzaldian Iñigo Urkulluk (EAJ). Biktimak aipatu zituen, eta argi utzi zuen ezin direla ordainik gabe geratu. Espetxe politika egokitu beharra dagoela ere bazioen. Jaurlaritzaren abiapuntua aurreko legealdian bakerako eta elkarbizitzarako lantaldeak egindako lana izango da.

EAEko Estatutu berria ere nahi du lehendakari berriak. Aukera politiko guztiek parte hartuko duten lantaldea sortzea proposatu du, eta erabakitzeko eskubidearen ariketa talde guztien artean adostu beharko dutela esan du.

Argi utzi nahi izan du Eusko Legebiltzarra izango dela hitzarmenak egiteko foroa. "Elkarrizketa eta adostasun bidez akordioetara heltzeko borondatea partekatu behar dugu, eta denok dakigu horretarako foroa Eusko Legebiltzarra dela".

Gizarte politikak

Hezkuntza, osasuna eta hizkuntz normalizazioa aipatu arren, Urkulluk ez zuen atzoko hitzaldian proposamen zehatzik egin.

Euskara eta elkarbizitza linguistikoa "gizartearen elkarbizitzarako zutabetzat" jo zituen, eta "aukera berdintasuna eta askatasuna" bermatzen duen elebitasun "berdintzaile eta orekatzailean" sinesten duela gaineratu. Ordea, ez zuen hori garatzeko irizpiderik eman.

Apur bat gehiago sakondu zuen osasun kontuetan, eta "osasun sistema publiko eta unibertsalari" eusteko xedea duela azaldu zuen. Bide batez, Osakidetzako kalitatea bermatzeko zenbait ildo zehaztu zituen: oinarrizko arreta indartu, ekipamendua gaurkotu, kudeaketa politikak hobetu, osasun profesionalen parte hartzea sustatu, eta berrikuntza zein ezagutza garatu gaixoaren onerako.

"Bikaintasuna euskal hezkuntza sistemaren motor gisa berreskuratzea", hori da Urkulluk legegintzaldi honetarako finkatu duen helburuetako bat

Ekonomia

Administrazioaren egitura %20 murrizteko helburua iragarri zuen. Horren barruan, hiru ildo nagusi iragarri zituen, bakoitzean sakondu gabe: austeritatea gobernuaren egituran; funtzionamendu gastuen murrizketa, eta sozietate nahiz erakunde publikoen gastua jaistea. Urkulluren gobernuarentzat, lehenbiziko erronka aurrekontuak prestatzea izango da.

Zerga sistemaren erreforma bati heltzeko beharra bere egin zuen. Hori bai, eztabaida horri gaur egun indarrean dauden foroetan eustea defendatu zuen. Hots, Zergak Koordinatzeko Organoan, aldundiekin elkarlanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.