Patxi Lopez atzo izendatu zuten Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta ziur dago lau urteko agintaldian ETA amaituko duela. Batetik, "Jaurlaritzak ETAren aurka egingo duen lanagatik" eta, bestetik,
"gizarte osoak terrorismoa baztertuko duelako".
Modu horretara, atxilotzen dituzten ETAko kideek haien lekua beteko duen inor ez izatea bermatuko duela adierazi du Lopezek gaur. "ETA amaitzeko, terroristak atxilotzeaz gain, indarkeria justifikatzen edo ulertzen duen edozein jarrera baztertu behar da".
"Gizarteak ETAren indarkeria baztertzeko oinarri demokratikoetan moralak garrantzia hartu behar du, eta hori egiteko konpromisoa hartzen dut", gaineratu du PSE-EEko idazkari nagusiak.
Lehendakari bezala bere lehentasuna bakea lortzea izango dela nabarmendu du eta gizarteak ETA baztertzea ezinbestekoa izango dela borroka horretan. Bakea lortzeko, gainera, "arriskatzeko" prest dagoela gaineratu du. "ETA bere historiako unerik ahulenean dago".
Cadena SER Espainiako irratian gaur goizean eskainitako elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek Lopezek.
Lopezen hurrengo pausoak
Gaur lehendakariaren izendapena sinatu du Espainiako Errege etxeak. Ohikoa izaten da Eusko Legebiltzarreko presidenteak Espainiako erregeari eskura ematea inbestidura saioaren ziurtagiria, honek izenpetu dezan. Baina Juan Carlos I.a erregea egunotan bidaia ofizialean dagoenez, Eusko Legebiltzarreko legelari batek eraman du Madrilera lehendakariaren izendapenaren agiria, eta erregeak Espainiak Vilnan (Lituania) duen enbaxadan sinatu du.
Bihar egingo du lehendakari karguaren zina Lopezek. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Juntetxean izango da ekitaldia, eta orduan jakinaraziko ditu Jaurlaritza berria eratuko duten sailburuen izenak.
Ostiralean gobernu berriaren aurkezpena egingo du. Ajuria Enean.
Larunbatean bilduko dira lehen aldiz sailburu guztiak. Aurreneko gobernu kontseiluaren bilera izango da.
Igandean Madrilen izango da Lopez. PSOEren ekitaldi handi batean hartuko du parte Lopezek, Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidentearekin batera.
Politika
Lehendakari izango den garaian ETA amaituko duela ziur agertu da Lopez
ETAren aurka lan egingo duela adierazi du Eusko Jaurlaritzako lehendakari berriak eta, bide horretan, atxilotzen dituzten ETAko kideek haien lekua beteko duen inor ez izatea bermatu nahi duela nabarmendu du. Espainiako Errege etxeak gaur sinatuko du lehendakariaren izendapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu