Harrapaketan hasi dira bi gaztetxoak: oinak lurrean jartzen dituenean harrapa dezake batek bestea; altueran badago, ez. Galtzaile ez ateratzeko modu bat badu jolas horrek: egon beti altueran, ez jarri hankak lurrean. Neskatoak irabazi du, ez baitu oinik lurrean jarri. Alde egin du mutikoak. Aspertuta amaitu du.
Hasi du hitzaldia Urkulluk. Eta esan du hankak lurrean dauzkala EAJk, badakiela zer egin behar duen. Jolasaren gisakoa da kanpaina: hankak lurrean dauzka Urkulluk, baina airean, seguruan. Ez dauka arriskatu beharrik; arerioek harrapatu behar dute. Hitzik ez independentziari buruz; hitzik ez mozketei buruz. Hankak lurrean, eta lasaitasuna.
Akordioa, adostasuna, eskua zabalik. "Fronterik ez". Denen alde egingo du Urkulluk. Hori dio Urkulluk altuerara igota. Jolasak balio du lehen pausoa emateko: lehendakari zarela sinestea, lehendakari izango zarela jakitea, lehendakari izateko.