UPN betiko bidetik doa euskarari buruzko jarrerari dagokionez. Iruñean, bizikletentzeko aparkaleku batean, bideo kamerak daudela iragartzen duen kartela jarri dute, baina kartel horrek ez du betetzen martxoaren 16an euskararen erabilera arautzeko onartutako ordenantza berria. Noticias de Navarra egunkariak zabaldu du informazioa.
Iruñeko Udalak euskararen erabilera arautzen duen ordenantza aldatzeko mozioa onartu zuen orduan, osoko bileran. Nafarroa Baik, Bilduk eta Ezkerrak aurkeztu zuten proposamena, eta PSNk babesa eman zion. UPNren ustez, ez da Iruñeko kartelen inguruko kexarik. PPNk ere aldaketaren kontra egin zuen bozketan. Hiriko hizkuntza paisaian euskarak eta gaztelaniak toki bera izatea da aldaketaren helburua. Hau da, kaleetako seinaleetan, karteletan eta gisakoetan espazio bera izatea bi hizkuntzek eta antzeko grafia eta koloreak erabiltzea bi hizkuntzetarako.
Administrazioan Euskaraz Taldeak urrian salatu zuen Arrotxapea Iruñeko auzoko Ingurumen Heziketarako Museoaren izena gaizki idatzita dagoela, Inguruman jartzen duelako. Taldeak adierazi du zuzenketa eskaera baztertu duela udalak.