Atentatua

Lehergailu bat zartarazi dute Bergarako epaitegian

Inor ez du zauritu, baina kalte materialak handiak dira. Ertzaintzaren arabera, ETAk egin du atentatua eta 15 kilo lehergai erabili ditu. Agintari eta politikariek gogor gaitzetsi dute.

2008ko otsailaren 8a
11:56
Entzun
Bergarako (Gipuzkoa) epaitegi atarian zartarazitako lehergailu batek kalte material handiak eragin ditu, epaitegian bertan ez ezik, baita inguru auto, etxebizitza eta dendetan ere. Hala ere, ez du inor zauritu.

Bart gaueko hamabiak eta hogei aldera lehertu da. Aurretik, dei bat jaso dute Oñatiko suhiltzaileetan, eta grabatutako ahots batek lehergailuaren berri eman die. Grabazioaren kalitatea baxua zela agertu dute suhiltzaileetako iturriek, eta, 00:30etan lehertzekoa zela ulertu dute.



Ordurako, ordea, Ertzaintzak lehergaia biltzen zuten bi motxilak kontrolatuta eta ingurua hesita zeuzkan. Izan ere, 23:48 inguruan susmagarriak iruditu zaizkion bi motxilak ikusi ditu epaitegi atarian, eta badaezpadako neurriak hartu ditu.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, lehergailua aurpegia estalita zeukan gizonezko batek jarri duela grabatu dute epaitegiko kamerek; zehazki, 23:40etan bi motxila utzi dituela epaitegi atarian, eta azkar alde egin duela handik. Bi motxiletan 15 kilo lehergai zeudela dio Herrizaingo Sailak, eta ETAren ekintza dela.

Arestian aipatu bezala, inor ez du zauritu lehergailuak, baina eragin dituen kalte materialak handiak dira. Epaitegian ez ezik, alboan aparkatutako autoetan, eta inguruko etxebizitza eta dendetan eragin ditu kalteak, batik bat, leiho eta kristalen apurtzea. Inguruko bizilagunek agertu dutenez, eztanda oso handia izan da, eta kristalez beteta geratu dira kaleak.

Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia sailburua han izan da gertatutakoa eta kalteak bertatik bertaara ezagutzen, eta ondasun publiko zein pribatuek jasan dituzten kalteak handiak direla agertu du. Azkarragak gogor gaitzetsi du atentatua, eta ilegalizazioei ETAk ematen dien erantzuna dela iruditzen zaiola agertu du. Ildo horretatik ETAri eta ezker abertzaleari esan die hori ez dela ilegalizazioei kontra egiteko modua, eta, gainera, bide horri eutsiz gero halako epaien aurrean bakarrik geratzeko arriskua dutela ohartarazi die. "Ez da zilegia berentzako elkartasuna eskatzea eta ez ezer esatea ETAk ondasunei eta pertsonei eraso egiten dienean".

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere izan da Bergaran, eta hark ere gogor gaitzetsi du atentatua. ETAren helburua gizartea "beldurtzea" dela salatu du. Halaber, PP eta PSEko buruzagiek ere agertu dute gaitzespena. Miguel Buen Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak Bergarako Udalean agintean den EAE-ANVri erasoa gaitesteko eskatu dio; eskaera bera egin dio Agurne Barruso alkateari Paulino Lues Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak.

Motxila baten barruan zegoen lehergailu batek kalte material handiak eragin ditu Bergarako epaitegian; halaber, alboan aparkatutako ibilgailuak, eta inguruetako etxe eta dendetako beirateak hautsi ditu. Nolanahi ere, inor ez da zauritu.

Bart gauean Oñatiko suhiltzaileei deitu die norbaitek 00:00etan Bergarako epaitegian lehergailu bat zartatuko zela esanez. Ordurako, epaitegiko segurtasun zaindariek motxila susmagarri bat ikusia eta Ertzaintzari abisua emana zioten. Azkenean, 00:20etan egin du eztanda lehergailuak.

Arestian aipatu bezala, inork ez du minik hartu, baina kalte materialak handiak dira. Gertatutakoa bertatik bertara ikusteko Bergaran da Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Euskadi Irratian agertu duenez, epaitegia bera ez ezik, inguruko etxe eta saltokietako leihoetan nabarmenak dira eztandaren ondorioak.

Olanok, eta, oro har, agintariek, ETAri egotzi diote atentatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.