AHT-aren aurkako protestak

Leherketak egin dituzte ekintzaileak meategian egonagatik

Goizeko 07:30ean gertatu da beste leherketa bat eta Itsasondoko meategian erresistentzian dauden lau lagunen “segurtasuna arrisku larrian jarri” dutela diote AHTaren kontrako mugimenduko kideek. Salaketa jarri dute Tolosako epaitegian.

2010eko uztailaren 2a
18:45
Entzun
Sekulako eztanda entzun dute, mendiak dar-dar egin du eta zenbait harri jausi dira beraien inguruan. BERRIAri jakinarazi diotenez “gaur goizeko leherketa atzokoa baino bortitzagoa izan da eta ez dugu ulertzen leherketetatik hain gertu egonda, nola jarrai dezaketen lau lagunen biziak arriskuan jarriz”. Goizean zehar, zulatzeko makinak ateratzen duen zarata ere antzeman dute, lanean eurengandik gertu egiten ari diren seinale.



Goizean salaketa jarri da Tolosako epaitegian, epaileari lanak bertan behera uzteko agindua emateko eskatuz. AHTaren kontrako taldeak jakinarazi duenez “badirudi Herrizaingo Sailak ez duela egoeraren larritasuna onartu nahi” lanekin aurrera darraitelako eta ostegunean hasitako ekintzaileen bilaketa lanak bertan behera utzi dituztelako.

Egoera horren aurrean Itsasondotik larrialdi deia egin dute Euskal Herri osora “orain inoiz baino gehiago obrak gelditzeko aldarrikapenari babesa erakusteko”.

Ekintzailerik dagoen ez du ziurtatu Herrizaingo Sailak

Herrizaingo Sailak meategian dauden kideen "konstantziarik ez" duela adierazi du. Gaur 17:00etan AHTaren aurkako kideek Itsasondon egindako prentsaurrekoan jakinarazi dute hamabi meategi inguru daudela Itsasondon eta horietatik bi edo hiru baino ez zituela ikuskatu Ertzaintzak, bilaketa "itxurakeria hutsa izan" zela gaineratuz. Bien bitartean, Iñaki Antiguedad hidrogeologoak eta Mikel Aramandi irrati-esatari itsasondoarrak euren elkartasuna adierazi diete "barruan daudenei" eta "kanpotik" ekitera deitu dute "halako zoramenari aurre egiteko".

Gaur 19:00etan kontzentrazioa egingo dute Itsasondoko plazan.

Hurrengo egunetarako mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Uztailaren 3an, 11:00etan, Itsasondoko plazan elkartuko dira. 17:00etan, hitzaldi bat eskainiko dute Itoizko Solidarioak taldekoek eta Xuberoako gas-hodiaren aurkako taldekideek: “Lurpeko erresistentzien esperientziak”. Uztailaren 4an, igandean, manifestazioa egingo da 17:00etan, Ordiziako plazatik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.