Lehortea

Lehortearen ondorio ekonomikoak neurtzeko "goiz" dela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Lehortearen ondorio ekonomikoak neurtzeko "goiz" dela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko zuzendari Jexux Argiñarenak. "Lekuz kanpo dagoen gauza bat iruditzen zait, lehenengo dauden arazoak konpondu behar dira", adierazi du Argiñarenak. EHNEk bere "etsipena" azaldu du Foru Aldundiak egin duen "irudi garbiketa" ikusita, eta Aldundiak egingo duen aurrekontua egiteko kalteak ikus ditzatela eskatu du.

2003ko abuztuaren 8a
17:50
Entzun
Jexux Argiñarenak lehortearen ondorioak epe luzera etorriko direla adierazi du gaur Donostian. "Uztailean kalteak zeintzuk diren esaten dituena tremendista eta goiztiarra da", esan du Foru Aldundiko arduradunak. Argiñarenak adierazi duenez, irailaren 10 edo 20an ikusiko dituzte zeintzuk izan diren kalteak, eta horren arabera jokatuko dute.

"Leku batzuetan lanean hasi gara, adibidez Aralarren", esan du Nekazaritza Saileko zuzendariak. Aralarrera, astearteaz geroztik, 200.000 litro ur eramaten ari direla gehitu du Argiñarenak. Ur falta duten baserrietara ere ura eramaten ari da Foru Aldundia. Jexux Argiñarenaren ustez, uraren arazoa "soluzio bidean" dago.

Foru Aldundiak, EHNE eta ENBAk bilera izan dute gaur goizean. "EHNE eta ENBA entzuteko prest etorri dira, eta gauza askotan bat gatozela iruditzen zait", adierazi du Foru Aldundiko arduradunak. "Nik gauzak lasaiago ikusten ditut, baina EHNE eta ENBAk arazoa larritasun gehiagorekin ikusten dute", esan du Argiñarenak gaur goizean egin den bilerari buruz.

"Diputazioak irudi garbiketa" egin duela salatu du EHNEk

EHNE sindikatuko Gipuzkoako presidenteak, Marije Intxaustik, bere "etsipena" azaldu du bileran izan eta gero. "Orain arte hartu dituzten behar beharrezko erabakien berri eman digute", adierazi du. EHNEren ustez, Foru Aldundiak ez du konpromisorik hartu, horregatik, emandako erantzuna "eskasa" iruditu zaio. "Hartu diren larritasunezko erabakiekin irudi garbiketa egin dute, eta hori desengainu bat izan da guretzat", esan du Intxaustik. Arazoari aurre egiteko talde lana beharrezko dela gehitu du EHNE sindikatuko presidenteak.

ENBA sindikatuak Argiñarenaren erabakiarekin bat datorrela esan du gaur komunikatu batean. Euren ustez, lehortearen ondorioak neurtzeko iraila arte itxaron behar da. "Positiboa iruditzen zaigu Gipuzkoako Foru Aldundiak duen erreakzionatzeko gaitasuna", esan du ENBAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.