Gizartea

Leioan atxilotu dute Erandion hildako emakumearen bikotekidea

Gaur goizaldean aurkitu dute ertzainek hilotza, indarkeria zantzuekin; familiak emana zuen haren desagertzearen abisua. Ertzaintzak atxilotu egin du bikotekidea arratsaldean. Elkarretaratzea egingo dute bihar 13:00etatik aurrera, Bilboko Udaletxean, hilketa gaitzesteko.

Erandion bikotekidea hil du gizonezko batek, bere etxean. LUIS TEJIDO
arantxa iraola
2015eko urriaren 5a
07:10
Entzun

Erandion (Bizkaia) hilik agertutako emakumearen bikotekidea 18:30ean atxilotu du Ertzaintzak. Gizonaren bila ibili dira goizaldean andrazkoaren gorpua haren etxean aurkitu dutenetik. 39 urte zituen emakumeak eta Bilbon bizi zen; larunbataz geroztik desagertua zegoen. Euskal Herrian aurten genero indarkeriaren ondorioz hildako hirugarren andrazkoa da.

"Samina eta ezin ulertua" agertu ditu Bilboko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak. Urgentziaz bildu da eta adierazpen bat kaleratu du hilketa gaitzesteko. Erandion hildako emakumearen heriotza "indarkeria matxistaren adierazpiderik larriena" dela, baina emakumeen aurka zuzentzen diren jarrera eta adierazpen guztiak gaitzestekoak eta arbuilatzekoak direla adierazi du.

"Aldez edo moldez, emakumeen kontrako indarkeria haien duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako atentatua da; hots, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina, salatu beharrekoa, isilik geratu gabe eta biktimen aldeko sostengua adieraziz", azpimarratu du batzordeak, kaleratu duen adierazpenean. Hilketa salatzeko, elkarretaratzea egingo dute asteartean, 13:00etatik aurrera, Bilboko udaletxeko eskailera nagusian. Parte hartzera dei egin dute.

Emakumea desagertuta zegoela eta, senideek eman zuten abisua, eta igandean hasi zituzten andrea bilatzeko lanak. Bitarte horretan emakumearen bikotekidearekin harremanetan jartzeko egindako saio guztiak antzuak izan direla adierazi dute. Azkenean astelehen arratsean atxilotu dute gizona, Leioan.

Hildako emakumearen bikotekidearen ama, berriz, goizean eraman dute andrea hilda aurkitu duten etxera, bera ere han bizi baita, baina Ertzaintzak argitu dio Eferi ama ez dagoela ez atxilotuta ezta auzipetuta ere.

Maria Ana Prunarrek eta Leire Rodriguezek hasitako zerrendara erantsi zaio beste emakume bat. Prunar apirilaren 2an hil zuten, Gasteizen; bikotekideak labanaz eraso egin zion. Rodriguezen heriotzaren berri abuztuan izan zen; hasieran auto istripu batean hil zela uste zen, baina haren senar ohiak heriotzarekin lotura izan zuela jakin zen handik egun batzuetara. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.