GENERO INDARKERIA

Leire Rodriguezen hilketa gaitzetsi dute hainbat herritar eta eragilek Abusun

Eguerdian egin dute protesta, Abusuko kultur zentroan. Ordu horretan, mobilizazioa egin dute Barakaldon ere, asteartean izandako sexu erasoa gaitzesteko. Rodriguezen harrapatzearekin zerikusia izan dezakeelakoan, gizonezko bat atxilotu zuten atzo; arratsaldean deklaratuko du.

Jendetza Abusun, Leire Rodriguezen hilketa gaitzesteko. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
2015eko abuztuaren 20a
07:17
Entzun

Erakunde publikoetako hainbat ordezkari izan dira Leire Rodriguezen hilketa gaitzesteko Abusun egin duten elkarretaratzean; tartean, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia eta Julia Hernandez Euskal Autonomia Erkidegoko jarduneko arartekoa. Ordu laurdeneko elkarretaratze isila egin dute.

Beltran de Herediak azaldu du "zantzuek" adierazten dutela Leire Rodriguezen hilketa genero indarkeriako kasua dela. Gogorarazi du sumarioko sekretupean dagoela ikerketa, baina jakinarazi du arratsaldean hartuko diotela deklarazioa atzo atxilotu zuten gizonezkoari: "Hortik aurrera, ikusiko dugu".

Arrigorriagako eta Bilboko udalek deitu zuten gaur eguerdirako elkarretaratzera. Mobilizazioaren aurretik, Asier Albizua Arrigorriagako alkateak esan du protesta "jendetsua" espero zuela, eta "elkartasun une honetan bat egin nahi duen orori" bertara joateko deia egin dio. EAEko Arartekoak, berriz, "konpromiso irmoa eta jarduera ausartak" eskatu ditu berdintasunaren alde.

Duela bi aste Bilboko Abusu auzoan auto batek harrapatuta zendutako Leire Rodriguezen hilketa indarkeria matxistarekin lotu du Ertzaintzak; hiltzailea bere senar ohia izan ote zen ikertzen ari dira. Izan ere, gizona bere buruaz beste egiten saiatu zen astearte eguerdian, bere burua Bilboko Ollargan auzoko trenbidera botata. Gainera, esku muturretan hainbat ebaki egin zituen, Ertzaintzak gertalekuan topatutako labana batekin.

34 urte zituen, eta bi haurren ama zen; Mungiakoa zen, baina Arrigorriagan bizi zen (Bizkaia). Abuztuaren 8an hil zuten, goizaldean: auto batek harrapatu zuen, eta gidariak ihes egin zuen, andrazkoa oraindik bizirik zela; handik ordu batera aurkitu zuten haren hilotza.

Bihar arratsalderako, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean elkarretaratzera deitu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak.

Elkarretaratzea Barakaldon

Mobilizazioa egin dute gaur eguerdirako Barakaldon ere. Izan ere, astearte iluntzean neska adingabe bati sexu erasoa egin zioten Clara Campoamor parkean. Herriko plazan elkartu dira, udalak eta eragileek deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.