Leitzako alkatea aske geratu da deklaratu ostean

Auzibideak aurrera jarraituko du, eta, hortaz, hiru lagunek inputatuta jarraituko dute epailearen erabakiaren zainRamirezek dio Bilduren izena «zikindu» nahi dutela «azpijoko» horren bidez

2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Oier Eizmendi Leitzako alkatea (Bildu), eta Lurdes Juantorena eta Saioa Iraola herritarrak baldintzarik gabe aske geratu dira, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epailearen aurrean «terrorismoa goratzeagatik» deklaratu ostean. Hala ere, aurrera jarraituko du auzibideak, eta, hortaz, inputatuta jarraituko dute hiru lagunek epaileak erabaki bat hartu bitartean.

Festen hasierako ekitaldian txupinazoan gertatutakoaren inguruan deklaratzera joan behar izan dute hiru lagunek. Jaietako programan euskal presoen aldeko ekitaldiak onartzeagatik deklaratu du Eizmendik. Juantorenak eta Iraolak, berriz, Jone Lozano euskal presoaren aldeko pegatina eta elastikoa eramateagatik, hurrenez hurren.

Eizmendik inputatuta jarraituko du, aske geratu den arren. Izan ere, fiskaltzaren esanetan, «presoen aldeko ekimenen arduraduna» da. Eizmendik, baina, deklarazioan adierazi du Javier Zabalo aurreko alkateak (EAE-ANV) egin zuela festetako programa, eta berak soilik oniritzia eman ziola; berak idatzi zuen gauza bakarra aurkezpen gutuna izan dela adierazi du. Horrez gain, euskal presoen alde programan agertzen zen testua Jai Batzordeak egina dela esan du Eizmendik, eta ez duela gogoratzen batzordeko kideen izenik; baina bai hainbat futbolarik eta dantzarik osatzen dutela.

Udaletxeko balkoira atera ziren bi kaputxadunen inguruan epaileak galdetu dionean, Eizmendik azaldu du ez zituela ikusi, bera eta udal taldea Areto Nagusian zeudelako eta handik ez delako plaza ikusten. Euskal presoen aldeko «toparen» inguruan galdetuta, berriz, esan du ez zela egin ere.

Eizmendi bezala, Juantorena eta Iraola ere aske geratu dira baldintzarik gabe, baina inpuntatuta. Bi herritar horiek adierazi dute ez zekitela Lozano «ekintza terroristak» egiteagatik dagoela espetxeratuta, eta beraiek Bilgune Feminista taldetik ezagutzen dutela.

Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidentea eta Bilduko parlamentaria Auzitegi Nazionalean izan da hiru lagunei babesa ematen; baita Aitziber Sarasola Bilduko beste parlamentaria ere. Baina ez dira bakarrak izan;hainbat hautetsi ere han izan baitira. Ramirezek azaldu du Leitzako alkatea inputatzea «azpijokoa» dela, eta, era horretan, «Biduren ibilbidea zikindu» nahi dutela.

Gainera, bere esanetan, «egozten zaienak ez du ez hanka eta ez buru», eta «txantxazko akusazioak» direla gaineratu du. Hori bai, argi utzi du «grazia» izango lukeela «Euskal Herriko hiru nafarrek» ez balute larritasun handiko akusazio batengatik deklaratu beharko». Hori dela eta, Ramirezek salatu egin du bizi duten «jazarpena», eta azaldu du «atzera bueltarik ez duen prozesuari» trabak ezartzen zaizkiola era horretan, eta prozesu horretan ez dela sartzen «inongo indarkeriarik, ezta euskal herritarren eskubide zibil eta sozialen aurkako erasorik ere».

Era berean, «egoerak eskatzen duen mailan» egoteko eta «akusazio eta inputazio faltsuak iraganeko gauzak» izan daitezen eskatu die Ramirezek Nafarroako Foru Gobernuari eta Espainiako Estatuari, baita bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko jokaleku baten alde lan egiteko ere.

Bestetik, Jone Goirizelaia hiru inputatuen abokatuak auzia artxibatzeko eskatuko du, «sumarioaren barnean ez dagoelako terrorismoa goratu duen esaldi bakar bat ere», eta ez direlako eskatu festetan gertatutakoaren —inputatuei egozten zaienaren— inguruko bideo grabaziorik.

Nolanahi ere, Fiskaltzak eskatu du deklarazioa har diezaietela «ekintza horietan parte hartu zuten guztiei». Izan ere, txupinazoa bota aurretik udaletxe inguruan euskal presoen aldeko zapiekin agertutako bost lagunak ezin izan ditu identifikatu Foruzaingoak, ezta euskal presoak Euskal Herrira etxeratzeko eskatzen zuen banderolarekin zeuden bi lagunak ere.

Mujikaren epaiketa

Bestalde, epaiketa amaitu ostean kazetarien galderei erantzunez, Ramirezek ez du erantzun nahi izan ea Bilduko kideren bat Auzitegi Nazionalera joango ote den azaroaren 2an, 3an edo 4an Jose Javier Mujika Leitzako UPNko zinegotzi izandakoaren ustezko hiltzaileen aurkako epaiketara, eta adierazi du ez duela «ez hanka eta ez buru» Leitzako alkatea inputatzeak, eta «kazetarien azpijoko» hori salatu behar dela gaineratu du.

«Hori da gaur gertatzen ari dena Auzitegi Nazionalean, eta hori salatu nahi dugu», esan du jarraian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.