Oier Eizmendi Leitzako alkateak (Bildu) eta Lurdes Juantorena eta Saioa Iraola herritarrek deklaratzera joan beharko dute, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak deituta. Era horretan, Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskalburuaren eskaera onartu du epaileak, eta Leitzako festen hasierako ekitaldian gertatutakoaren inguruko deklarazioa hartuko die hiru lagunei datorren ostegunean, irailaren 8an.
Kaleratutako autoan, Ruzek dio«terrorismoa goratu izanaren ezaugarriak» dituela gertatutakoak. Argudioen artean daude, besteak beste, txupinazoan euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzen zuten zapiak erakutsi izana eta festen egitarauanmanifestaziorako deia egin izana, Euskal preso eta iheslariak etxera lelopean.
Hori horrela, Ruzek hau dio bere idatzian: «Talde terroristako kide izateagatik eta izaera terrorista duten ekintzak egiteagatik ezagunak diren gizabanakoak babesteak eta goresteak, de facto, berekin dakar haien ekintza terroristak justifikatzea eta egiten dituztenak txalotzea».
Kaleratutako autoan, bestetik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren adierazpen bat ere aipatu du. Izan ere, auzitegi horrek dio«gorrotozko diskurtsoa» dela «terroristen argazkiak» jendaurrean erakustea.
Gainera, Poliziaren informazio zerbitzuei eta Guardia Zibilarenei txostenak eskatu dizkie, Foruzaingoaren txostenaren gehigarri izan daitezen.
«Lan bikaina»
Roberto Jimenez Nafarroako presidenteordeak Foruzaingoa zoriondu du egindako «lan arduratsuagatik», eta «terrorismoa omentzeko» delituen inguruan «lan bikaina» egiten ari dela gaineratu du. Horrez gain, azaldu du Foruzaingoaren lana «giltzarria» izan dela fiskaltzak Bilduko hautetsi baten aurka «lehendabizikoz jokatu» zezan. Haren esanetan, «horren froga» da fiskaltzak esku hartu izana.
Era berean, Jimenezek adierazi du Foruzaingoa «zoriondu beharrean» direla egindako lan «azkarra» eta «eragingarria»dela-eta, eta hori «terrorismoaren omenaldien inguruan» Foruzaingoak legea betearazteko «arduraz» lan egiten duen adierazgarri dela gaineratu du.
Leitzako alkatea deklaratzera deitu du Ruz epaileak
Fiskalak azaldu du festetan gertatutakoak «terrorismoa goratu izanaren ezaugarriak» dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu