«Terrorismoa goratzea» egotzi nahi die Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Oier Eizmendi Leitzako alkateari (Bildu), jaietako txupinazoa bota zuenari, Saioa Iraolari, eta Lurdes Juantorenari. Txupinazoan euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzen duten zapiak erakutsi zirela eta, aurretiazko diligentziak abiatzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari, «zer gertatu zen ikertzeko», eta haien barnean hiru lagun horiei deklarazioa hartzeko. Javier Zaragoza fiskalburuak egin ditu eskaera horiek, abuztuaren 10ean Leitzan gertatu zirenei buruz Foruzaingoak egindako txostena jaso ostean. Egun horretan euskal presoenganako babes eta omenaldi ekitaldiak egin zirela uste du Fiskaltzak.
Auzitegiari igorritako txostenean, fiskalak jaso duudalbatzak prestatutako festa egitarauan manifestaziorako deia egiten dela, Euskal preso eta iheslariak etxera goiburupean. Presoen aldeko topa egiteko deia egitarauan egotea ere «terrorismoa goratzea» egozteko arrazoien artean eman du Zaragozak. «Egitaraua egin eta banatzeagatik» deitu nahi du deklaratzera alkatea.
Lurdes Juantorena eta Saioa Iraolari, berriz, elastikoan Jone Lozano herriko presoaren irudia eramatea egozten die. Txupina bota ostean presoen «babeserako hitzak» izatea ere egotzi dio Iraolari. Lekukoek, ordea, ukatu egin diote Berria.info-ri hori horrela gertatu izana, eta hitzaldia emakumeen borrokaren inguruan izan zela adierazi diote. Horretaz gain, suziria botatzerako unean beste herritar batzuek euskal presoen eskubideen aldeko maindireak erakutsi zituztela ere gaineratu du fiskalak txostenean.
Fiskaltzaren eskaera jasota, auzia abiatu edo ez erabaki behar du orain Auzitegi Nazionalak. Hala egitekotan, litekeena da fiskalak eskatu bezala Madrilera deklaratzera joan behar izatea hiru lagunek. Deklarazioen ostean erabakiko luke epaileak auziarekin aurrera jarraitzeko arrazoirik badagoen edo ez, eta egotekotan, zein pertsonen kontrako auzia izan behar duen.
Leitzako alkatea eta bi herritar deklaratzera deitu nahi ditu Fiskaltzak
Txupinazoan presoen eskubideen aldeko zapiak erakutsi zirelako, «terrorismoa goratzea» egotzi nahi die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu