Aralarrek babesa agertu dio gaur Oier Eizmendi Leitzako alkateari. Eizmendik bihar deklaratu beharko du Espainiako Auzitegi Nazionalean aurtengo festetako txupinazoan ETA goratzea leporatuta. Berarekin batera deklaratuko dute Lurdes Juantorenak eta Saioa Iraolak.
Aralarrek salatu du Nafarroako Gobernua Foruzaingoa Bilduren aurka egiteko erabiltzen ari dela, "kontrolatzeko eta jazartzeko". Orain dela bi urte UPNk eta PSNk Berriozarko txupinazoarekin egin zutena egin ondoren eta Auzitegi Nazionalak euren salaketa ez babestu ondoren, Leitzakoak ez duela ez hanka eta ez buru salatu du Patxi Zabaletak.
"Barcinak ezin du eta ez du nahi egoera berria behin betikoa izan daitekeela, eta konfrontazioa eta jazarpena elikatzen jarraitu nahi du, baita epaileen erabakien gainetik ere", adierazi du Zabaletak. Hiru auzipetuen kontrako salaketa kentzeko eskatu du.
Hiruek bihar deklaratu beharko dute Auzitegi Nazionalean. Atzo hainbat herritarren babesa jaso zuten.