Leitzako alkateari eta inputatutako bi herritarrei babesa agertu diete herriko zenbait talde, eragile eta gizabanakok: «Gertatzen ari zaien injustizia honen aurka gure babes osoa dute». Jaietako egitarauan euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa iragartzeagatik inputatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Oier Eizmendi alkatea, eta txupinazoan herriko preso baten argazkia zuen kamiseta bat jantzita eramateagatik «terrorismoa goratzea» egotzita beste bi herritar ere inputatuta daude, eta deklaratzera joan beharko dute bihar Madrilera.
«Guk, herriko eragileok, gutako asko festen antolaketan ere partaide garenak, gure herria bakean uzteko exijitzen dugu», esan dute prentsaurrekoan: «Guk guztiok gure herriaren alde egiten dugu lan, arloz arlo gure herria eraikitzen, osatzen, bideratzen dihardugu, eta hori egiten jarraituko dugu, noski».
Txupinazoaren egunean gertatutakoaren bertsio «nahasi, gezurrezko eta interesdunak» hedatu direla salatu dute, eta festak «patxadatsuak» izan direla nabarmendu dute.
Inputatuei babesa agertu dietenen artean daude: Oinatz Bengoetxea, Abel Barriola eta Asier Olaizola pilotariak, Patziku Perurena idazlea, Jon Kanflanka segalaria, AAM, Aurrera Kirol Elkartea, ALKE kultur elkartea, EHNE, LAB eta Bilgune Feminista.
Leitzako alkateari eta beste bi inputatuei, babesa
Leitzako zenbait eragile eta gizabanakok beren herria bakean uzteko eskatu dute prentsaurreko batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu