Leitzako (Nafarroa) jaien hasieran euskal presoen alde izandako ekintzak gaitzetsi zituen atzo Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak, erakunde adierazpen baten bidez. Zehazki, abuztuaren 10ean herriko jaien hasieran «ETAko presoen alde» izaniko ekitaldietan «terrorismoa goratu» izana arbuiatu dute adierazpen horretan. Halaber,«terrorismoaren biktimei» eta, bereziki Leitzako biktimei, «elkartasuna, babesa, errespetua eta aitortza» agertu diete Nafarroako Parlamentuko adierazpenean.
UPNk eta PSNk aurkeztu zuten testua, eta PPNren eta Ezkerraren babesa jaso zuen. NaBaik, berriz, adierazpenaren aurka bozkatu zuen, eta Bildu abstenitu egin zen. NaBaik zuzenketa bat aurkeztu zion adierazpenari, non-nahiko indarkeria guztien biktimei elkartasuna agertzeko, baina ez zuen aurrera egin, UPN, PSN eta PPNk kontra bozkatu zutelako.
Maiorga Ramirez Bilduko eledunak Leitzako jaietako giro baretsua «gaiztotu eta kriminalizatu» nahi izatea egotzi zien UPNri eta PSNri.
UPNko bozeramaile Carlos Garcia Adaneroren iritziz, ordea, «ona» da legebiltzar taldeak Leitzako gertakari «tamalgarriak» gaitzetsi izana eta «terrorismoaren» amaiera eskatu izana. Ildo beretik mintzatu zen Juan Jose Lizarbe, PSNko bozeramailea; haren aburuz, «aproposa» da Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzionala onartzea eta Leitzako jaietan izandako gertaeren inguruko «manipulazioa» salatzea.
Leitzako jaien hasieran presoei agertutako babesa gaitzetsi dute
UPNren eta PSNren ekimenez, adierazpen instituzional bat onartu du Nafarroako Parlamentuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu