Larunbatean okupatu zuten Fraileen eraikina Lekeition (Bizkaia), eta gaur goizean aterarazi ditu Ertzaintzak bertan zeudenak. Topatu.info atariak jakinarazi duenez, polizia ugarik parte hartu dute operazioan, eta hogei lagun identifikatu dituzte.
Lekeitioko Gazte Asanbladako kideek adierazi dutenez, 21 lagun zeuden gaztetxean gaua pasatzen. 07:30 aldera, herritar batzuek dei egin diete Ertzaintza zihoala esanez. “Astirik ere ez digu eman ia, konturatu garenerako ate-joka ari ziren”, esan dute. “Guk zabalduko diegula esan diegu, eta berbetan hasi orduko atea bota eta sartu egin dira”, gaineratu dute.
Ertzainak barrura sartu ostean gazteei esan diete euren kabuz ateratzeko edo bestela eurek aterako dituztela. Gazteak eurak joan dira kanpora, eta Ertzaintzak denak identifikatu ditu.
Lekukoek adierazi dutenez, eraikina hutsarazteko epailearen agindurik gabe aterarazi dituzte barruan zeuden gazteak. Batzar bat antolatu dute 19:00etarako, eskolapean, eta mobilizazioa 20:30ean.