politika

Lekeition atxilotutako zortzi lagunak aske utzi dituzte, baina auzipetuta daude

Bost atxilotuk tratu txarrak jaso dituztela esan diete euren abokatuari.

2009ko irailaren 8a
19:27
Entzun
Igande gauaren eta atzo goizaren artean Lekeitioko (Bizkaia) kale istiluetan atxilotutako zortzi lagunak aske geratu direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Horietako hiru, fidantzapeko askatasunean, bik 3.000 euro ordaindu dituzte eta besteak 6.000 euro. Astero epaitegian aurkeztu beharko dira hirurak.

Desorden publikoa eragitea, autoritateari eraso egitea eta "terrorismoa gorestea" leporatu diete. Hala ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dio "terrorismo" delituagatik auzipetu egin dituztela, eta kasua Espainiako Auzitegi Nazionalera pasatuko dutela.

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-k dio bost lagunek, abokatuarekin egon ostean, tratu txarrak salatu dituztela. Horrez gain, AAMren arabera, atxilotutako batek ertzainen aldetik sexu erasoa jasan zuela adierazi du. Sei lagun Gernika-Lumoko ertzain etxera eroan zituzten, eta beste biak Durangokora (Bizkaia). Haietatik bakarra da lekeitiarra.

Bost ordu iraun zuten istiluek. Herrizaingo Sailak dio iskanbilak hasi zirela talde bat polizia etxera gerturatu eta ertzainei irainka eta harri botaka hasi zenean. Asko dira, ordea, bertsio hori gezurtatzen duten lekukoak eta gertatutakoa ertzainen jarrera "probokatzailearen" gain ematen dutenak. Gazte bat atxilotu zutenean hasi ziren istiluak, haien arabera. "Zapi batean zeraman ikurra kentzeko esan eta hark ezetz. Atxilotu zuten eta hortik etorri ziren ondorengoak".

60.000 euroko kalteak

Lekeitioko Udalak 60.000 eurotan baloratu ditu oraingoz istiluek eragindako kalteak. Baina diru kopuru hori handitu egingo da, ondasun publikoetan eta pribatuetan egindako beste zenbait kalte zenbatu behar dituztelako.

Udaletxera, 25 lagun joan dira txikizioengatik euren salaketak egitera. Ertzaintzara, berriz, zazpi; lauek autoan jasan zituzten kalteak, biek ostalaritza saltokietan eta azkenak banketxe batean egindako kalteak salatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.