Gizartea

Lekukoek adierazpen kontrajarriak egin dituzte Bastidako hilketei buruz

Prokuradorearen arabera, ez dago argi nork egin zion tiro nori, eta zein ordenatan. Zendutako bikotearen bi seme gazteek atxilo segitzen dute.

Hilketa gertatu den etxea Bastidan, Nafarroa Beherean. ISABELLE MIQUELESTORENA
maddi ane txoperena iribarren
2016ko otsailaren 22a
08:03
Entzun

Komunikabideek atzo plazaratutako hipotesia zalantzan ezarri dute Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradorearen adierazpenek. Izan ere, prokuradoreak BERRIAri azaldu dioenez, tiroz hildako Pascal eta Ewa Rouxel bikotearen bi semeek bertsio "nahasiak eta kontrajarriak" eman dituzte gertatutakoari buruz.

23 urteko seme gazteenak eman zuen bi heriotzen berri, larunbat arratsaldean, Hazparneko (Lapurdi) polizia etxean: aitak ama tiroz hil zuela, eta ondotik berak egin ziola eraso aitari, ama defendatzeko. Semeak berak bi bala zauri zituen zangoan, eta erietxera eraman zuten segidan. Atxilo hartu zuten ondoren, haren neska-lagunarekin eta 27 urteko anaia zaharrarekin batera. Guziak zeuden etxean Rouxel senar-emazteak hil zituztenean.

Bi semeek eta gazteenaren neska-lagunak gertatutakoari buruzko bertsio ezberdinak eman dituzte polizia etxean, Vuelta Simonen arabera. Prokuradoreak ez du argitu, ordea, zer erran duten batak eta bertzeak. Komunikabide batzuek zabaldu dutenez, litekeena da tiroketen aurretik aitak eta seme gazteenak liskarra izan izana. Seme gazteenaren emaztea askatu egin dute jada, baina bi gizon gazteak polizia etxean daude oraindik, ikerketa aitzinatu artean.

50 urte ingurukoak ziren Pascal eta Ewa Rouxel senar-emazteak. Larunbat eguerdian gertatu ziren hilketak, Bastidako Bigne etxaldean, eta, Francois Darroget Bastidako auzapezak BERRIAri baieztatu dionez, tiroak etxe barruan izan ziren.

Indarkeria matxista izan dela berretsiko balitz, Euskal Herrian aurten hildako bigarrena litzateke Bastidako emakumea. Lehena urtarrilaren 25ean gertatu zen, Gasteizen; gizonezko batek 17 hilabeteko haur bat bota zuen leihotik

Arma zaharra

Heriotzak eta zauriak eragin dituen arma aitak etxean zuen suzko armen bildumako pistola bat zen. Vuelta Simonek azaldu duenez, diseinu zaharrekoa zen errebolberra, eta, beraz, kargatzeko "zaila". Bestalde, prokuradoreak dio ez dagoela argi tiroak nork nori egin zizkion, eta zein ordenatan. Bi gorpuei bihar eginen diete autopsia, Bordelen.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.