Indarra hartu du azken egunetan Euskal Herrian haur lapurtuen auziak. Hutsik agertu diren hilobiek ozenago egin dute auzi horren atzean sare bat dagoela salatzen dutenen ahotsa. Patxi Lopez lehendakaria gogor mintzatu da aste honetan, eta, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak elkarteak ez dituztela lagunduko esan ondoren, baliabideak jarriko dituztela kasuak argitzeko esan du Lopezek. Gipuzkoako Aldundiak aholkularitza laguntza emango die ustez haurra lapurtu dieten familiei.
Hilobiak hutsik Donostian eta Itsasondon (Gipuzkoa) agertu izanak, gainera, ospitale desberdinetan jaiotako haurrenak, pentsarazten du ez zela mediku edo moja baten kontua haurrak lapurtzearena. Salaketak zer denbora tarte zabalari dagozkion beldurgarria da. Zehatz-mehatz jakin ezin badaiteke ere, lehen salaketak frankismoari dagozkiola dirudi. Franco hil ondoren ere, baina, badira salaketak, eta zenbait 1990eko hamarkadari dagozkio, Efe albiste agentziaren arabera. Biztanle proportzioan kasu asko Gipuzkoan salatu dira.
Juan Bautista Aranzabe SOS Ume Lapurtuak elkarteko kideak Tolosako Hitzan esan du Gipuzkoan guztira 320 kasu inguru daudela, eta horietatik 200 daudela epaitegietan. "Besteek ez dituzte frogak edo agiririk epaitegietara eramateko". Aurki beste hamabi panteoi irekiko direla aurreikusten du Aranzabek, baina ez dakitela non irekiko dituzten. "Irekitzen dituzten hilkutxa ia guztiak hutsik egongo dira", dio Aranzabek. Gipuzkoan bost lagunek salatu dute lapurtuak izan zirelako susmoa dutela.
Efe albiste agentziak epaitegietako iturriak aipatuz esan du ustez delitua egin zenetik iragan den denbora dela ikerketak aurrera eramateko oztopo nagusia, batez ere, kasu zaharrenetan; horregatik epaitegietan ezinbestekotzat jotzen dute sarearen lekuko izan zirenen testigantza. Iban Ugarte SOS Haur Lapurtuak elkarteko abokatuak esan du orain hilobiak hutsik agertu izanak ikerketa bultzatu dezakeela.
Edonola, lekukoen testigantzak duen garrantziaz jabetuta, SOS Haur Lapurtuak elkartetik jendearen laguntza eskatu dute: "Baten batek irregulartasunak izan direla baldin badaki, gurekin harremanetan jartzeko eskatzen diogu". Harremanetarako 699.169.243 telefono zenbakia eta [email protected] helbide elektronikoa eman du.
Ostiralean elkarretaratzea egingo du SOS Haur Lapurtuak elkarteak Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan. Egun horretan bertan Espainian Eduardo Torres-Dulce fiskal nagusi izendatu berriak ikerketa bat abiatu dezan sinadurak biltzen hasiko dira.
.