Lurraren defentsan herri mugimenduaren garaipenaren ikur» izandako herrian aurkeztu zuten atzo goizean Bizkaia Benetan Maite plataforma, Lemoizen. Belaunaldi eta kolore askotako jendeek osaturiko 40 taldek sortu dute, «sarritan zentzua aldatzen baitzaio Benito Lertxundiren abestiari», Arrate Illaro bertsolariak aurkezpen ekitaldian kantatu zuenez. Diotenez, Lertxundiren abestiaren izena, alegia, Bizkaia maite baliatzen du foru aldundiak hainbat kanpainaren goiburu gisa. Ordea, foru aldundiak sustatutako hainbat makroproiektuk —Boroako zentral termikoa, Zabalgarbi errauste planta, Supersur eta beste— ingurumenari zuzenean eraso egiten diotela eta lurraren etorkizuna baldintzatu egiten dutela nabarmendu dute plataforma osatu dutenek. Bizkaia Benetan Maite izena jarri diote horregatik.
Talde andanak osatzen du atzo jendaurrean aurkeztu zuten ekimen berria. Tartean daude Eguzki, AHTaren aurkako Bilboko asanblada, Getxoko Antenarik ez taldea, Talaia, Ezpitsua, Anitzak eta hainbat herritako gazte asanblada eta gaztetxeak. Armintzako portuan bildu ziren atzo adin guztietako ehun bat lagun, besteak beste, koke plantaren aurkako bandera beltzekin, trikiti eta panderoekin, umore oneko, eta ideiak eta asmoak garbi zituztela.
Plataformaren sorrera manifestua irakurri zuten, eta Lemoizko zentral nuklearraren hondarretara martxa bat egin zuten ondoren. Heldu den asteburuan egingo dute plataformaren aurreneko protesta ibilaldia. Bi egunez egingo dute: Plentziatik Santurtziraino joango dira larunbatean; eta Muskizeraino, igandean. Bidean aurrera aurkitzen dituzten «proiektu txikitzaileetan» geldialdiak egingo dituzte, «eragiten dituzten kalteak salatzeko eta alternatibak proposatzeko». Besteak beste, Sopela inguruko gehiegizko eraikuntzari, Lamiakoko araztegiari, Santurtziko zentral termikoari eta superportuari, eta Muskizko koke plantari eta La Arena hondartzako dragatze lanei erreparatuko diete.
«Kapitalaren interesak»
Proiektu horiek guztiek «kapital handiaren eta politikari ustelen epe laburreko irabazien goseari» erantzuten dietela salatu du Bizkaia Benetan Maite plataformak bere manifestuan. «Proiektu horien bitartez garapena bultzatu eta enplegua sortuko dutela diote, baina ez da hala gertatzen: langabeziak gora egin du eta boteretsuenen interes finantzarioek zor pertsonal eta kolektiboak baino ez dituzte eragiten. Bien bitartean, gure osasuna okerrera ari da egiten, uraren, airearen eta lurraren kutsaduraren ondorioz».
Bizkaia Benetan Maitek uste du «ekologia berba inoizko gehien» erabiltzen dela baina aldi berean «inoizko azkarren eta gosetien» kontsumitzen dela egun. Eta herritarrei deia egin die agintariei exijitu diezaieten «balazta zapaltzeko eta garapen eta kontsumo eredu basatia gelditzeko».
Plataforma osatzen dutenekherritarren ahalmenean sinesten dute, makroproiektuak geldiarazteko eta alternatibak proposatzeko. Lemoizko zentral nuklearreko lehen eta bigarren erreaktoreak izan behar zuten porlanezko hormei begira azaldu zituen Juan Luis Olaranek herri mugimenduaren garaipen historikoarennondik norakoak. Zirraraz entzun zituzten Olaranen hitzak denek, eta bereziki garai hura bizi izan ez zuten gazteek. 1972an ekin zion Iberduerok (oraingo Iberdrolak) zentral nuklearra diseinatzeari. 1976an antolatu zuten mugimendu antinuklearra, eta, horren baitan, Euskal kosta antinuklearra zeritzon batzordea. Ispasterren eta Deban ere altxatu nahi zituen Iberduerok zentral nuklearrak. 1981ean Lemoiz gelditzea lortu zuten. Eta gaur egun ere posible dela zabaldu nahi dute, «bizkaitarrek erabaki dezaten Bizkaiak nolakoa izan behar duen».
Lemoiz gehiagoren peskizan
Bizkaia Benetan Maite plataforma aurkeztu dute. Plentzia eta Muskiz artean martxa bat egingo dute, «makroproiektu txikitzaileak geldiarazteko» eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu