Lergak Artzapezpikutza salatuko du, Abaizko eliza berreskuratzeko

Elizak bere izenean jarritako eraikinen auzia aztertuko duela erabaki du Nafarroako Parlamentuak

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Auzitara. Lergako Udalak (Nafarroa) auzitara jotzea erabaki du. Salaketa jarriko du Iruñeko Artzapezpikutzaren aurka, Abaizko eliza berreskuratu ahal izateko. Udalarena da eraikin hori, baina Elizak bere izenean jarri du.

Joan den irailean jo zuen Artzapezpikutzak erregistrora. Geroztik, erakunde horretako ordezkariekin hitz egiten saiatu dira Lergako agintariak, behin baino gehiagotan, baina ez dutela deus lortu salatu dute. Lergako herritarrek bilera egin zuten igandean, eta salaketa jartzea erabaki zuten.

Udalak argi utzi du inoren kontra egiteko asmorik ez duela herriak, baina ezin dutela deus egin gabe gelditu. Abaizko eliza herriarena dela argi dute, eta ez dute galdu nahi. Epaitegietara jotzea, gelditu zaien aukera bakarra dela uste dute.

Mozioa parlamentuan

Lergako elizari buruzko kasua ez da bakarra Nafarroan. Azken urteotan dozenaka eliza eta eraikin jarri ditu Artzapezpikutzak bere izenean, Ondarearen Defentsarako Plataformak agerian utzi izan duenez. Zerrenda zehatza zein den jakin nahi dute Nafarroa Baik, Bilduk eta Ezkerrak, eta, horregatik, Nafarroako Parlamentura eraman dute gaia.

Mozioa aurkeztu dute taldeok, parlamentuak Nafarroako Gobernuari eska diezaion Elizak bere izenean jarritako eraikinen errolda egiteko.

Parlamentuko Mahaian eta Eledunen Batzordean aztertu dute NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak egindako eskaera, eta aintzat hartu dute. Mozioa jasota, Nafarroako Parlamentuak gaiari buruzko eztabaida eginen du, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.