Les Colombes zahar etxeko zuzendaria atxilotu dute, tratu txarrak leporatuta

Egoitza itxi, eta inguruko zahar etxe batzuetara eraman dituzte han zeuden hamabost pertsonak

Aitor Renteria.
Baiona
2009ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Poliziak Juliette Moreau Baionako Les Colombes zahar etxeko zuzendaria atxilotu eta auzipetu du, ustez adineko bezeroei tratu txarrak eragiteagatik. Astelehen goizean zahar etxea miatu ondoren, 70 urteko zuzendaria atxilotu zuen poliziak. Tratu txarrak, fisikoak zein psikikoak, eragitea eta garbitasun arauak urratzea leporatzen dio Baionako auzitegiak. Atzo eguerdian zahar etxea ixteko agindu zuen Paueko Prefeturak. Zahar etxean zeuden adineko hamabost pertsonak Baiona inguruko bertze zahar etxe batzuetara eraman dituzte.

Zahar etxeko erizain batek ezarri zuen zuzendariaren aurkako salaketa joan den igandean. Astelehen goizean polizia eta departamenduko osasun zerbitzuko arduradunak (DDASS) zahar etxera joan ziren. Geroztik poliziak atxiki du zuzendaria galdekatzeko. Erizainaren salaketaren arabera, zaharrak ohera loturik atxikitzen zituzten, jo egiten zituzten eta ez zituzten garbitzen. Zazpi hilabetez erietxe horretan aritu izan den erizain batek erran du, usu, «loturik eta haien gorotzetan» atzematen zituela zaharrak. Zuzendariaren nahiak betetzeko, inarrosi eta ileetatik tiraka egiten zieten. Erizainaren arabera, «gosarian antzarak bezala galkatzen» zituzten, adinekoek goitika egin arte. Egunean bazkari bakarra ematen zieten. Zahar etxeak hamabost otordu baino ez zituen eskatzen, eta, ondorioz, bazkari edo afaririk gabe gelditzen ziren usu zahar etxeko bezeroak. Familien bisita egunetan, zaharrak garbitu eta atontzen zituztela gaineratu du.

Behin betiko ixtearen zain

Atzo eguerdian zahar etxea aldi baterako ixteko berehalako agindua eman zuen Paueko (Biarno, Frantzia) Prefeturak. Les Colombes zahar etxe pribatua da, eta, ondorioz, ez dago departamenduko osasun zerbitzuen manupean. Ondoko asteotan Paueko Kontseilu Nagusiak ebatzi beharko du behin betiko itxiera.

Les Colombes zahar etxea 1990ean ireki zuten, eta sendagile zein erizain pribatuak zituen. Departamenduko osasun zerbitzuek aldika egiten zituzten kontrolak, gertatzen zenaz ohartu gabe. Senideek ere ez zuten deus berezirik nabaritu, erizainak salaketa jarri arte. Behin-behineko itxiera agindua eman ondoren, departamenduko osasun zerbitzuek behin betiko itxiera lortzeko prozedura abiatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.