Bigarren erasoa jasan dute, astebetean, hondakinak atez ate biltzeko gaiek Gipuzkoan. Joan den asteburuan, Legorretan, atez ateko bilketarako hainbat balde txikitu, kalean hustu, eta baldeak jaurti zituzten Oria ibaira eta baratzeetara. Bart iluntzean, berriz, Lezon eraso egin zieten atez ateko bilketarako zintzilikarioei. "Inkontrolatuak" izan direla adierazi du Sortuk, eta EAJk "bilatu" duen "gatazka" egoerari egotzi dio gertaturikoa.
Lezoko Udalak, berriz, "bandalismo ekintza" izendatu ditu, eta ez direla onargarriak erantsi du. Udal langileek eta zinegotziek, gainera, "mehatxuak eta irainak" jasan dituztela erantsi du. Aurten bertan hondakinen %80 birziklatuta lortzeko helburuari eusten diola, eta hiri altzariak zaintzeko neurriak hartuko dituela erantsi du udalak.
Dagoeneko zortzi dira Gipuzkoan hondakinak atez ate biltzen ari diren herriak; 46.000 herritarrek dute zerbitzu hori. Sistema ezarriko duen hurrengo herria izango da Lezo. Laster hastekoa da, eta zintzilikarioak ere jarri dituzte, hondakinak etxe atarietan biltzeko. Zintzilikario horietako batzuk kendu egin zituzten bart gauean. "Pertsona talde txiki bat" izan dela zehaztu du Marian Beitialarrangoitia Sortuko kideak.
Adierazi du, gainera, Ertzaintza "erabili" egin dutela auzi honetan. Zintzilikarioak kentzen ari ziren pertsonak identifikatzeari uko egin zioten ertzainek, Beitialarrangoitiaren esanetan.
EAJk "gatazkaren alde" egin duela salatu du, "era honetako ekintzekin". "EAJ bilatzen ari den gatazka horri erantzunez, inkontrolatuek Lezon gertaturikoa egitea" eragin du EAJk, Beitialarrangoitiaren esanetan.
Atez atekoaren alde udalak urratsak egiten ari direla, "erabaki zilegiak" hartuz udalbatzetan, eta EAJ "urduri" jartzen ari direla esan du Beitialarrangoitiak. EAJk ez du interesik birziklatze tasak handitzeko eztabaidan, Sortuko kidearen ustez. Aldiz, jeltzaleek errauste plantan "interes politiko eta ekonomikoak" dituztela adierazi du.