Hondakinak

Lezon ere hasi dira hondakinak atez ate biltzen

Hondakinen %28 birziklatzen dute egun, eta laster %80 birziklatzera iristea espero duela esan du Ainhoa Zabalo alkateak. Bideoa: kamioia, atez ateko bilketa egiten (Oarso Bidasoko Hitza). [Youtube]http://youtu.be/o4tTU0d4LlM[/Youtube]

urtzi urkizu
2013ko maiatzaren 6a
14:14
Entzun

Hondakinen atez ateko sistema berria materia organikoa bilduz estreinatu dute Lezon. Eta, bilketa sistema berriari ongi etorria emateko, komunikabideen aurreko agerraldia egin dute gaur goizean udaleko eta Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek, Zubitxo kalean.

"Pozik gaude atez ateko bilketarekin hasi garelako. Gaur egun handia da. Orain arte %28 birziklatzen zen Lezon. Hemendik aurrera %80 birziklatzea espero dugu, herritarren ahaleginari esker", esan du Lezoko alkate Ainhoa Zabalok.

Herritarren inplikazioa txalotu du alkateak: "Herritarrei eskatu nahi diet orain arte bezala jarraitzeko. Bihotz-bihotzez, mila esker hurbildu zaizkigun herritar boluntario guztiei. Birziklapenaren aurrean, ezin da intsumiso izan". Ohitura aldaketak beti zailak direla aitortu du alkateak, baina emaitzak "azkar" ikusiko direla nabarmendu du.

Nahiz eta Lezo Garbia taldeak herritarrei ontziak ez jasotzeko eskatu zien, familien %95ek eskuratu dituzte beharrezko bitartekoak. 6.000 biztanle ditu Lezok. Atez ateko bilketa hasi duen Gipuzkoako bederatzigarren herria da; Lezorekin, 52.000 herritarrei hondakinak atez ate batzen dizkiete.

Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak zorionak eman dizkie Lezoko Udalari eta herritarrei. "Ingurumena zaintzen ez ezik, enplegua sortzen ari gara. Herritarrak animatu nahi ditugu, ziur gaudelako ondo egingo dutela".

Hainbat herritan bosgarren edukiontzia txiparekin jartzeko asmoa dutela eta, Errazkinek esan du ardura pertsonalizatuekin emaitza onak lortzen direla: "Kontua ez da sistemak zer zehaztasun dituen, baizik eta zer helburu. Ardura pertsonalizatuak dituzten sistemak dira eraginkorrenak. Udal bakoitzak egin behar du bere bidea".

Diputazioaren helburua Gipuzkoan 2016rako %60ko birziklapen tasa lortzea dela gogorarazi du, eta 2020rako %75eko tasa. "Bide horretan egiten den guztia ongi etorria izango da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.