Zuzenketetarako epean da Espainiako Kongresuko Berdintasun Batzordean LGTBI lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen berdintasun sozialerako lege proposamena. Kolektibo horretako hainbat taldek —tartean Euskal Herriko Gehituk— eskatu dute tramitazioa «bizkortzeko» eta legea «berehala» onartzeko. Ordu berean eta sei hiritan prentsaurrekoak eta protestak egin dituzte Espainiako eta Espainiako Estatuaren menpeko herrialdeetako 49 erakundek osatzen duten FELGTB federazioko kideek.
Lege egitasmoa Unidos Podemos taldeak aurkeztu zuen 2017. urteko maiatzean, eta PPren osoko zuzenketa atzera bota ostean, aurrera egin zuen. Dena den, Gehituko Jesus Estonbak kritikatu du «zenbait talde» ez direla betetzen ari hartutako konpromisoak, eta beste batzuen «uzkurkeriak» direla-eta «atzeratzen» ari direla legea onartzea. Hala ere, «baikor» azaldu da, «ziur» baitago Kongresuaren gehiengo osoaren babesa duela legeak. «Bat egite politiko zabal bat lortzeak, gainera, eragin pedagogiko handia izango luke herritarrek gai hauekiko duten iruditerian», azpimarratu du.
Puntu gatazkatsuenak
Gehituko kideak jakinarazi duenez, lege egitasmoaren bi atal sortzen ari dira eztabaida gehien: zigorrak ezartzeko aukera eskaintzen duenak eta transexualekin loturikoak. Lehenengoari dagokionez, Estonbak azaldu du adierazpen askatasunarekin «talka» egin dezaketen zigorretan ez dagoela erabateko adostasunik; lege egitasmoan, besteak beste, aurreikusten dira iritzi LGTBIfobikoak zigortzeko bideak. Gehituko Ander Prolek azaldu duenez, «ohikoa» izaten da eztabaida hori «gutxiengo sozialak babesteko legeetan». «Gure ustez, baina, zigortu beharko lirateke iritzi eta jarrera horiek».
Lege egitasmoa jasotzen diren transexualen eskubideei buruz, berriz, punturik gatazkatsuena izaten ari da osasun neurriekin loturikoa, Estonbak jakinarazi duenez. LGTBI taldeen aspaldiko eskaera da 16 urtetik gorako edozeinek askatasun osoa izatea ebakuntzak eta beste egin ahal izateko, gurasoen-eta baimenik gabe, gainerako herritarrek bezala. Transexualekin loturik, eztabaidan dagoen beste puntu bat da pertsona horiek genero berdintasun politiketan integratzearena.
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, eta Espainian badaude LGTBI kolektiboaren eskubide batzuk jasotzen dituzte legeak, baina Gehituko kideen arabera, «oso garrantzitsua» litzateke «estatu mailako lege integral» bat egitea; Kongresuan dagoena bere horretan onartuko balitz, «hainbat berrikuntza» ekarriko lituzke Hego Euskal Herriko legezko esparura. Besteak beste, familia eremukoak, lan alorrekoak, hezkuntzakoak eta asilo eskaerekin loturikoak.