Hirugarren liburua argitaratu du ezker abertzaleak: Ingurumenaren suntsiketa, kapitalismoaren beste aurpegia. Marine Pueyo Iruñeko hautetsi independentistak eta Sabino Cuadra ezker abertzaleko kideak liburuaren berri eman zuten atzo. Aurreko liburuetan, krisi ekonomikoaren ondorioak eta beheraldi ekonomikoaren garapena izan zuten aztergai. Oraingoan, berriz, lurralde antolaketa eta izaera kapitalista duten sektore arloko politikak aztertu dituzte. Larunbatean, 10:30ean Burlatako kultur etxean liburuxka jendaurrean aurkezteaz gain, solasaldi bat izango da herritarrekin.
Aurreko liburuxkekin gertatu legez, dokumentuak «azterketarako eta eztabaidarako tresna berria izateko bokazioa du», eta Nafarroako ezkerreko gehiengoak biltzeko asmoari «mesede egin nahi dio». Hala, liburuaren edukiak herritarrei ezagutarazteaz gain, iritziak eta ekarpenak jasotzeko dinamikak martxan jarriko ditu ezker abertzaleak. Horretarako, Nafarroako eragile politiko eta sozialekin biltzeko asmoa dute. Era berean, herriz herri dokumentuaren 1.500 ale banatuko dituzte, eta nafargune.info webgunean eskura izango da.
Liburuxkak sei atal nagusi
Liburuxkak sei atal jorratzen ditu. Lehena etxebizitza politika da, eta bertan ondorioztatzen dute «espekulazioak eta negozio nahiak» zuzendu dutela gobernuaren jarduna. Hala, «neurrigabeko eraikuntzak bultzatu dira» eta etxebizitzaren oinarrizko eskubidea «merkatuko interesen arabera» jarri dira. Gogora ekarri du, adibidez, hurrengo hamarkadan 70.000 etxe eraikitzeko asmoa dagoela eta Nafarroako etxebizitza estatistikak, aldiz, 2022rako 40.000 biztanle gehiago aurreikusten duela. «Zertarako nahi ditugu hainbeste etxe?», galdetu dute.
Energia alorrean, salatu egin dute gobernuak inbertsio handiak egin ostean, «interes pribatuek» atera diotela etekina esfortzu horri. CO2 isurien hazkundea handitu egin dela salatu eta energia kontsumoa arrazionalizatzea «ezinbestekoa» dela iritzi diote.
Uraren kudeaketari buruz, Itoiz eta Nafarroako Ubidea «dirua xahutzeko» azpiegituratzat jo dituzte. Baliabide hidrografikoak presio taldeen mesedeetan jarri dira, ezker abertzalearen arabera, eta beharrezkotzat jotzen dute uraren kudeaketa arduratsua.
Hondakinen kudeaketa hiru ardatzen inguruan mugitu behar dela uste dute: murrizketa, birziklatzea eta berrerabiltzea. Mugikortasun politikan bestelako eredu baten beharra azaldu dute, eta ondare historikoari dagokionez, Nafarroako historiari dagokion tokia ematea proposatzen dute.
Liburu batean Nafarroako lurralde antolaketa aztertu du ezker abertzaleak
Dokumentua Burlatan aurkeztuko dute, larunbatean, eta politika eta gizarte eragileekin biltzeko asmoa dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu