Liderraren atzeko pertsona, argitara

Gaur aurkeztu dute Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari liburua Iruñeko Kondestablearen jauregian. Besteak beste, Nafarroako lehendakari Uxue Barkos eta Iruñeko alkate Joseba Asiron izan dira ekitaldian.

Garaikoetxea, Garmendia, Barkos eta Asiron, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA, FOKU
2018ko urriaren 16a
07:12
Entzun

"Liburu bat baino zerbait gehiago" da, BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendiren hitzetan, Elixabete Garmendia kazetariak ondu eta gaur Iruñean aurkeztutakoa. Garmendiaren eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiaren arteko elkarrizketa mamitsuak biltzen ditu Aleka bildumako 7. lanak, eta eskerrak eman dizkio Otamendik Garaikoetxeari, "oroimenaren ateak irekitzeagatik". BERRIAren dendan eskura liteke liburua.

Bete egin da Kondestablearen jauregiko aretoa. Otamendi, Garmendia eta Garaikoetxea izan dira mahaian hizlari, eta ordezkari ugari bildu da haiek aditzera: Nafarroako lehendakari Uxue Barkos, Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria, besteak beste. Han ziren EAko Peio Urizar, Maiorga Ramirez eta Ikerne Badiola, baita EH Bilduko kide ugari ere, hala nola, Bakartxo Ruiz eta Miren Larrion.

Garmendiaren hitzetan, Jose Antonio Agirre lehendakariaren oinordekoa izan da Garaikoetxea, eta azaldu du hark jarri zuela "zutik" Francoren diktaduraren ondorengo lehen Jaurlaritza. "Lotsatuta" agertu da Garaikoetxea bera halako adierazpenekin, eta liburuaren "euskara aberatsa" nabarmendu du: "Ni, txikitatik, euskarak bizi zuen hil ala biziko egoerak eraman ninduen kultura eta politikarantz, nire bizitza osoan, batez ere Nafarroan. Adimena nuenetik, nabari nuen euskara hilzorian zegoela Nafarroan".

Elkarrizketa mamitsuak

Carlos Garaikoetxeak (Iruñea, 1938) politikagintzan zein bestelako arlo batzuetan izandako ibilbidea aztertu du Elixabete Garmendia Lasa kazetariak, eta hari horretatik tiraka aritu da solasean, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta EAko presidente izandakoarekin. Ez bakarrik ibilbide politikoaz, baita bizitzari buruzko beste gai ugariri buruz ere.

Izan ere, Euskal Herriko historia hurbileko hainbat pasartetan pisu nabarmena izan du Garaikoetxeak. Franco hil eta urte gutxira, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zuten 1980an. Gerora, protagonista bihurtu zen EAJren barruan izandako zatiketan, eta EAren ibilbideari lotuta egon da ordutik. Alderdi hori guztia jaso du Garmendiak bere liburuan, baina baita agintariaren atzeko pertsonaren hausnarketa eta sentipenak ere.

"Euskara, sentimendurik eraginkorrena"

Biografiaren harira, elkarrizketa egin berri dio BERRIAk Carlos Garaikoetxeari. Horra pasarte batzuk:

"Euskara izan zen sentimendurik eraginkorrena kultur munduan eta politikagintzan sartzeko. Hilzorian ikusten nuen euskara Nafarroan, eta izugarrizko ezinegona eragiten zidan".

"[Trantsizio garaian, lurralde batasunerako] Arazo nagusia alderdi sozialistaren aldaketa izan zen. Garai hartan lau lurraldeen batasuna onartzen eta bultzatzen zuen".

"1987an, Ajuria Enean sartzea proposatu zidaten, eta PSErekin eta EErekin negoziazioetan estatu egiturak osatzea jarri nuen baldintza gisa: Gizarte Segurantza, ogasuna eta enplegua. Trebiñun eztabaidan ari ginela, Madrilera deitu zuten ordezkari sozialistek, eta han argi utzi zien Madrilek ez zuela hori babesten. Negoziazioak eten ziren, eta EAJk eskaini zien prest zirela koalizioa osatzeko, baldintzarik jarri gabe".

"Nik neuk Otegiri hala esan nion 2007an: 'Indarkeria amaitzen ez den arte, ezinezkoa; biharamunean, dena'. Hori zen gure jarrera".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.