indarkeria matxista

Liliane Nard

Baiona, 2007ko ekainaren 2a.

2007ko ekainaren 2a
05:00
Entzun

Liliane Nardek 62 urte zituen, eta bakarrik bizi zen, Baionako Jouandin etorbideko pisu batean. Elkarrekin bizi ez baziren ere, bikotekidea zuen Nardek: Alain Bossuet, 50 urtekoa. 2007ko ekainaren 2a zen larunbat arratsalde hartan bisitan joan zitzaion gizona andreari. Handik gutxira gizonak berak dei egin zien larrialdi zerbitzuei.

Emakumea bere etxeko bainugelan aurkitu zuten, hila. Bossuetek labankada zenbait eman zizkioten lepoan, eta bertan odolustu zen andrea. Gizonak berak aitortu egin zuen bera zela hiltzailea, eta atxilotu egin zuten.

Handik hiru urte pasatxora egin zuten epaiketa, 2010eko irailean. Prozesu gogorra izan zen, agerian gelditu baitziren bikotearen egoera zaurgarria. Buruko gaitzak zituzten biek, gizarte zerbitzuek jarraipena egiten zieten, zeini bere aldetik, eta artatzen zituzten langileen arabera, zaurgarritasun egoera horrek berak elkartu zituen.

Emakumea apenas ateratzen zen etxetik. Gizonak egiten zizkion enkarguak eta eramaten zion behar zuena. Arratsalde hartan, labana batekin joan zen, arropa zikinetan gorde, eta emakumea bainatzera joan zenean hil zuen. Prestatutako hilketa zela agerian utzi zuen epaiketak, baina Boussetek diagnostikoak eraman zuen auziaren parte handi bat.

Kazetarien kronikek kontatzen dute medikua auzitegian deskribatzen ari zenean gorpua nola aurkitu zuten, Narden alabak aretotik atera behar izan zuen, jasan ezinik, eta, bitartean, akusatua ahozabalka ari zen. Polizien lekukotzek ere nabarmendu zuten hiltzaileak zer nolako patxadarekin aitortu zuen hilketa.

Boussetek berak ere ez zuen ukatu. Epaiketan berretsi zuen bi labankada eman zizkiola emakumeari. «Bi minutu iraun zuen, ez zezan sufritu. Ez zuen oihurik egin». Hoztasun harrigarriz aritu zen. Psikologoek azaldu zuten psikopatia bat zuela gizonak, baina ez zutela uste horrek bere ekintzengatik epaitzea oztopatzen zutenik.

Azkenean, auzitegiak hamabost urteko kartzela zigorra ezarri zion Bousseti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.