Lasaitasuna aurkitu dute bidean, baina kezka ere bai herritarren artean, goi tentsioko linea berriak nola eragingo ote dien, hautsiko ote dien herria erdiz erdi. Leitzan, Nafarroan, hasi zuten azpiegitura horren aurkako martxa joan den ostegunean; herriz herri egin dute bidea ordutik, oinez, eta bertatik bertara ikusi dute zer-nolako kalteak eragingo lituzkeen argindarra garraiatzeko bide berriak. «Kalte handiak eragingo lituzke, eta mesederik batere ez, eskualde horietan», ohartarazi du Alberto Frias goi tentsioko linearen aurkako plataformako bozeramaileak. Gaur amaituko dute martxa, Iruñean; 11:00etan ekitaldi bat egitekoa dute, Gazteluko plazan.
Deikaztelutik (Nafarroa) eta Ezkio-Itsasora (Gipuzkoa) egin nahi dute autobide elektrikoa. 120 kilometro izango ditu, eta tentsio handiko kableak, 400.000 wattekoak, pasatuko dituzte handik. Dorre garaiak jarriko dituzte, 40 metrokoak. Ez dute bidea erabat zehaztu, baina, planoak ikusita, 148 herriri eragingo die lineak.
Herri horietan guztietan kezka nagusitu da, eta hori sumatu dute martxan. «Herriz herriko jendea izan dugu gurekin, eta ehun bat lagun beti izan gara martxan. Herrietan, balkoiak autobide elektrikoaren aurkako banderaz beteta jarri dituzte, gainera», azaldu du Friasek. Herrietako bertako jendeak esanda jakin ahal izan dute nondik nora pasatuko litzatekeen linea, eta «astakeria handiak» ikusi dituzte martxako kideek. Gune babestuei eragingo lieke linea berriak: Lotzako putzuari, Añezkarko haitzari, Berriobeitiko Eltxumendi gainari...
Ingurumenak ez ezik, turismoak ere baluke kaltea, eta ekonomiak berak. «Imozko eta Basaburuko herritarrek kalkulatu dute 35.000 haritz eta pago botako lituzketela. Izugarria da». Herrietan hitzaldiak eta mahai inguruak egin dituzte, otorduak baliatuz.
Udalak hasi dira esku hartzen: 191 herriko etxek eta kontzejuk adierazpen bat sinatu dute planaren kontra. «Ia guztiek eman dute ezezkoa. Eta ez dute eskatu beste leku batetik pasatzeko; adierazi dutena da proiektua bera bota behar dela atzera, ez beste leku batean egin». Udan jaso zuten albistea udalek: gutunak bidali zizkieten abuztu hasieran, eta haietan jakinarazi zieten proiektu bat aurkeztu zutela herri horietatik goi tentsioko linea bat pasatzeko. «Isilkeriaz» aritu direla uste du Friasek.
Arabako planaren ondoren
Bai baita aurreko bat: Arabako mendialdetik barrena egitekoa zuten linea, baina aurka gogor egin zuten inguruko herrietan, eta azkenean atzera egin zuen REE Red Electrica de España enpresak. Hark egin nahi du Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso artekoa ere. «Orduan galdu egin zuten, eta berriro hori gertatzea saihestu nahi dute. Horregatik ari dira ezkutuan». Proiektua ezinbestekoa dela dio REEk, beharra dagoela. AHT abiadura handiko trenarekin lotu dute, hark beharko duelakoan energia hori. Frias: «Ez dago lotuta AHTarekin. Araban jarri nahi zuten lekuan ez dago AHTrik. Bi planak lotuta, oposizioa ahuldu nahi dute, guztiaren aurka jende bera dagoela iradoki».
Friasek dio energia gehiegi dagoelako behar dela linea. «Gehiegi sortzen da, eta barreiatu behar da». Castejongo kasua aipatu du; beste zentral bat jartzekoa dute.
Proiektuaren berri ematen segitzeko asmoa dute, eta gaurko ekitaldian instituzioak izango dituzte gogoan. Udalen eskariak aintzat hartzeko eskatuko diete: «Isilik daude, eta ezin dute ez ikusi egiten jarraitu». Energia enpresen interesak babesten ari dira gobernuak, Friasen iritzian. Bereziki aipatu du Nafarroako Gobernuaren kasua: «Enpresa horien alde egin du. Hori gertatu da Castejonen ere. Orain energia hori norabait atera behar da». Enpresen alde ez, herritarren alde egiteko eskatu diete erakundeei. Uste baitute autobide elektrikoak arriskuan jarriko duela osasuna. «Hamasei herritan, herrigunetik 500 metrora baino gutxiagora igaroko da. Hori arriskutsua dela esana du Europako Batasunak berak».
Lineak ez ditzan herriak eraman
Goi tentsioko linearen aurkako martxa Iruñean amaituko dute gaur; zein eragin lukeen ikusi dute azken lau egunetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu