Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileak gaur zehaztu duenez, PSN ez da aztertzen ari Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen aurkako zentsura mozio bat aurkeztea. Lizarbek azaldu du "Nafarroarentzat onena" izango litzatekeela Barcinak dimisioa ematea, baina, gaineratu duenez, gobernua osatzeko egiazko alternatiba izan daitekeen bloke sozial aurrerakoia" osatzeko lanean ari da PSN.
UPNrekin koalizio bat osatzea ere baztertu du Lizarbek, "are gutxiago Barcinarekin". Esan du harekin duten arazoa ez dela "pertsonala, politikoa baizik".
Aralar-NaBaik eta Bilduk Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen kontra aurkeztutako zentsura mozioan abstenitu egin zen PSN joan den ostegunean, eta mozioak ez zuen aurrera egin. Nafarroako Parlamentuan, Roberto Jimenez PSNko buruak zehaztu zuen "ezezko bikoitza" eman nahi izan zuela abstentzioarekin: ezezkoa adierazi zion Barcinari, baina Bildu eta Aralar-NaBairi ere ezezkoa ematen ziela erakutsi nahi izan zuen Jimenezek, bi talde horiekin "marra gorri zeharkaezinak" dituela argudiatuta.
Sanferminen aurretik edo udaren ondoren
Orain, PSN aztertzen ari da bere kabuz Barcinaren aurka zentsura mozio bat aurkeztea, gaur Noticias de Navarra egunkariak argitaratu duenez. Informazio horren arabera, Barcinak dimisioa ematen ez badu aurkeztuko dute mozioa, sanferminetarako edo uda ondorenerako.
Beste talde baten babesa beharko luke PSNk mozio bat erregistratzeko, eta oposizio guztiaren babesa, ekimenak aurrera egin ahal izateko. Kazetak argitaratu duenez, bilera bat egin zuten joan den asteazkenean Madrilen, eta aukera horretaz jardun zuten.
Nafarroako Gobernuko presidente baten kontra aurkeztutako lehen zentsura mozioa izan zen iragan larunbatean eztabaidatutakoa.