Politika

Lizarra-Garaziko oinarrietara eta "abertzaleen indar metaketara" itzultzeko deia egin du ELAk

Duela hamar urteko Gernika-Lumoko adierazpena oroitarazteko ekitaldia egin du Bilbon, Arriaga Antzokian. 1.700 kide bildu ditu. Ibarretxeren herri galdeketa proposamena ez dela sinesgarria nabarmendu du Elorrietak. ETAren atentatua gaitzetsi dute, besteak beste, abertzaleen batasuna oztopatzen duelako.

2007ko urriaren 10a
19:03
Entzun
1997ko urriaren 18an Gernikako Estatuta hil zela aldarrikatu zuen ELAk Gernika-Lumon (Bizkaia) bertan. Izan ere, autogobernuaren garapenerako eta estatu soziala bermatzeko ez zela baliagarri iritzi zion. Gernikako adierazpen hura epe laburrean iritsi zen Lizarra-Garaziko hitzarmenetara iristeko urratsetako bat izan zn.

Hamar urte igaro dira ordutik, baina ELAren ustez orduko aldarrikapenak, eta, batik bat, Lizarra-Garaziko oinarriak baliagarriak dira oraindik. Hori guztia nabarmentzeko ekitaldia egin dute gaur goizean Bilboko Arriaga antzokian. Izaskun Garikano Gizalan federazioko idazkari nagusia, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia eta Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren albokoa izan dira 1.700 kide batu dituen ekitaldiko hizlariak.

Hain justu, Lizarra-Garaziko oinarrietara itzultzeko deia egin du Elorrietak, euskal auzian aurrera egiteko bidea hori dela iritzita. Hala ere, Lizarrara itzultzeko aldarrikapena egitean ez direla ari orduko hitzarmena kopiatzeaz zehaztu du, baizik eta "eraikuntza nazionaleko hurrengo fasean aurrera egiteko subiranistek bat egitea beste aukerarik" ez dagoela lotsarik gabe aldarrikatzeaz.

Ildo horretatik, abertzale eta euskal abertzale ez direnen arteko akordioak hobesteko saioen aurka agertu da, antzuak direla iritzita. Horien adibide, Anoetako proposamenaren ildotik Batasunak PSOErekin egindako saioa eta EAJk proposatutako transbertsalitatea jarri ditu.

Nolanahi ere, batik bat, bi kritika zorrotz egin dituzte ELAko buruzagiek: batetik, ETA jardun armatura itzultzea eta, zehazki, atzoko atentatua gaitzetsi dituzte. "Abertzale gehienok ETAren biktima sentitzen gara, bere esku hartzerik gabe abertzaleok prozesu subiranista batean bat egin dezagun eragozten tematuta baitago", esan du Elorrietak.

Bestetik, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariari, eta, zehazki, haren galdeketa proposamenari ere kritika zorrotza egin dio. ELAko idazkari nagusiaren arabera, ez da sinesgarria aurretik bete ez dituen "hotsandiko bi promesa" egin zituelako: 2002an Jaurlaritzari falta zaizkion eskumenak alde bakarreko erabakiz bere gain hartzea eta 2004an Ibarretxe Planari buruzko galdeketa egitea.

Ekitaldi horren ondoren, Lizarratik Garazira indarrak biltzeko bidea lelopean manifestazioa egitekoak ziren. ETAk atzo egindako atentatuaren ondoren, ordea, asmo hori aldatu, eta Abertzale eta langile garelako, ez gaude ados lelopean elkarretaratzea egin dute gaitzespena agertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.