Gizartea

Lizarran falta den emakumearen bikotekide ohiak dio errugabea dela

Gaur goizean eraman dute auzitegira. Larunbatean atxilotu zuten, urruntze agindua hautsi izana leporatuta. Poliziak Maria Puy Perez Ezpeletaren bila segitzen du.

2008ko urriaren 16a
16:42
Entzun
Maria Puy Perez Ezpeleta iragan larunbatetik desagertuta dagoen Lizarrako (Nafarroa) emakumearen bikotekide ohia gaur goizeko hamarretan eraman dute Lizarrako auzitegira, epailearen aurrera, eta auzitegiaren atarian kazetariei esan die errugabea dela. Larunbatean atxilotu zuten gizonezkoa foruzainek, emakumea desagertu zen egunean bertan harekiko zuen urruntze agindua hautsi izana leporatuta. Halaber, haren etxea miatu zuten eta baimenik gabeko hainbat arma aurkitu zizkioten. Hain zuzen ere, armak legez kanpo edukitzea ere egotzi diote.

Epailearekin batera, fiskala, ofizioko abokatua eta auzitegiko idazkaria ere egon dira.

J.M.M.D. atxilotua Aiegin (Nafarroa) bizi da gaur egun.

Poliziak Perez Ezpeletaren bila segitzen du, bitartean. Bilaketa lanak, bereziki, Lizarra inguruetan ari dira egiten. Atzo Ega ibaiaren bazter bat arakatu zuten, Lizarratik gertu, Arintzanoko inguruetan. Urbasa mendilerroan eta Allotz urtegi inguruan ere aritu dira. Poliziez gainera, suhiltzaileak ere parte hartzen ari dira.

Larunbatean desagertu zen Perez Ezpeleta 50 urteko lizarratarra. Emakumea semearen futbol partida ikustera joatekoa zen goizean, baina ez zen hara azaldu. Salaketa arratsaldean jarri zuten Lizarrako polizia etxean, eta haren bila hasi ziren orduan.

Bi delitu egotzita atxilotuta

Ikerketari lotuta, emakumearen bikotekide izandako gizona atxilotu zuten foruzainek. Genero indarkeriagatik Perezekiko ezarri zioten urruntze agindua hautsi zuelakoan, desobedientzia larriaren delitua egotzita atxilotu zuten. Herenegun, gizonaren etxebizitza miatu ostetik, beste delitu bat ere leporatzen diote gizonari: armak legez kanpo edukitzea, hain zuzen. Izan ere, Poliziaren arabera, eskopeta bat, balezta bat eta bi pistola atzeman zizkioten etxebizitzan, eskuz egindakoak guztiak ere. Arma horientzat munizioa, eta itsaspekaritzarako arpoi bat ere topatu zituztela jakinarazi zuen Foruzaingoak. Gizonak ez duela armarik erabiltzeko inolako baimenik jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak.

Bai Poliziak bai desagertutako emakumearen familiak herritarren laguntza eskatu dute. Ikerketari lagun diezaiokeen edozein datu izanez gero, 112 larrialdi zerbitzuetara deitzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.