Lodosan gizon bat hil da, entzierrotik ihes eginiko zekor batek adarkatuta

Gizona Donostiako bizilaguna zen, eta 74 urte zituen; itxituratik ihes egindako animaliak zauria egin dio lepoan

arantxa iraola
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Entzierroko bidetik ihes egindako zekorrek larritasun uneak eragin zituzten atzo goizean Lodosan (Nafarroa), eta bueltarik gabeko ondorio tamalgarriak; animalietako batek adarkatuta, 74 urteko gizon bat hil zen, Lodosan jaioa, baina Donostian bizi zena: Felix De Luis Morentin. Emaztearekin batera zegoen soto baten parean, eta lepoan egin zion zauria animaliak. Beste bi lagun ere zauritu ziren. 25 urteko gazte bat bekainean kolpea hartuta eraman zuten erietxera; 62 urteko andrazko bat, berriz, belaunean min hartuta, osasun etxera. Atzokoa Lodosako jaietako hirugarren entzierroa zen, eta ezbeharrak eragindako saminaren ondorioz, udalak bestak bertan behera utzi zituen 24 orduz.

Foruzainak jazoera argitzeko ahaleginetan ari dira. Nafarroako Gobernuak zabaldutako informazioaren arabera, hala ere, jada egin daiteke gertaeraren kontakizuna. 09:20 ziren. Ibilbidearen amaiera aldera, hainbat zekorrek, kolpe bortitzen bidez, entzierrokoegurrezko hesia txikitzea lortu zuten; irteerarik gabeko gune batean sartu ziren aurrena, eta berehala itzuli zirenbidera. Kontrako norabidean jarri ziren, ordea, eta arrisku handia eragin. Zekorretako bik, gainera, berriro bortitz egin zuten itxituraren aurka, hautsi eta ihes egitea lortu arte. Animalietako bat laster harrapatu zuten, eta sokaz lotu eta lokartu egin zuten. Bestea, izan zen, itxura denez, gizonaren kontra egin zuena. Aski gizon ezaguna zen, antza, Lodosan. Erretiroa hartuta zegoen, eta ohiko bizilekua Donostian bazuen ere, bolada luzeak igaro ohi zituen jaioterrian.

Segurtasun neurriak

Foru dekretu batek arautzen ditu Nafarroan zezenekin egin ohi diren jai klase guztiak. Foruzainak zer gertatu zen oraindik ikertzen ari badira ere,Nafarroako Gobernuak eta Lodosako Udalak adierazi dute atzoko ezbeharrean entzierroa egiteko baimenak egokiak zirela, eta segurtasun neurriak ere behar bezala bete zirela. «Gertaera hauek ezohikoak dira», esan zuen Lodosako alkate Pablo Azkonak. Entzierroko bidean zehar hainbat zati hesi bikoitzarekin babestuta egoten direla azaldu zuen, baina aitortu zuen zekorrek apurtutako itxitura, zehazki, ez zela klase horretakoa. «Zekor mota hauekin, ez da beharrezkoa», erantsi zuen.

Nafarroako Gobernuko presidenteorde Roberto Jimenezek ere ahotan hartu zuen gertatutakoa hedabideen aurreko agerraldi batean. «Dolua eta mina» erakutsi nahi izan zizkien hildakoaren gertukoei, eta, zer gertatu zenargitze aldera, Lodosako alkatearekin harremanetan jarria zela adierazi zuen.

Hainbat hedabidek aditzera eman dutenez, astelehenean ere arrisku bizia eragin zuen Lodosako entzierroak, zekorrek hesia apurtu baitzuten orduan ere.

Tafallakoa gogoan

Nafarroan, lehengo urtean, zezenekin egiten diren ikuskizunen segurtasuna aparteko arreta eragin zuen auzia izan zen. Tafallan (Nafarroa) izan zen oihartzun handiena eragin zuen gertaera, abuztuaren 17an, zezen-plazan. Izkingileen ikuskizun bat ikusteko jendez leporaino beteta zegoen; zezen batek harmailetara salto egin eta iskanbila handia eragin zuen. Arrisku handiko egoerak ere eragin zituen; berrogeitik gora pertsona zauritu ziren, tartean 10 urteko ume bat. Pertsona bat bizkarrean zauritu zuen zezenak, adarkada bat emanda, eta zezen-plazako erizaindegian bertan artatu behar izan zuten.

Udaleko iturriek zezen-plazak derrigorrezko segurtasun neurriak betetzen zituela azaldu zuten. Nolanahi ere, hainbat herritarrek kritikatu zuten jaiaren arduradunek izandako portaera. Zezenak aurretik ere harmailetara salto egiteko ahaleginak egin zituela adierazi zuten, eta jende askok eskatu zuela arren animalia hura erretiratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.