Loiolako kuartel militarra Zubietara lekualdatzea proposatuko dio Donostiak Espainiari

Azpiegitura Zubietara eramateko eskatuko dio udalak Espainiako Defentsa Ministerioari, Euskadi Irratiak aurreratu duenez. Bi erakundeek gaia aztertuko dute bihar egitekoa duten bileran.

Espainiako armadak Donostiako Loiola auzoan duen kuartela. ANDONI CANELLADA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko irailaren 3a
07:09
Entzun

Donostiako Udalak Loiolako kuartelak hartzen duen lurzorua berreskuratu nahi du. Helburu "garrantzitsua" da hiriarentzat, Eneko Goia alkatearen esanetan. Gune hori berreskuratzeko, kuartela lekualdatu dezala eskatuko dio udalak Espainiako Defentsa Ministerioari, bi erakundeek bihar egingo duten bileran. Kuartelaren lekualdaketa Donostiaren aspaldiko eskaria da, eta ministerioa prest agertu da horretarako, baldin eta kuartel baterako lursaila eskaintzen bazaio. Goiak badu proposamena Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroarentzako: Zubietako Eskusaitzeta ingurua (Gipuzkoa).

Goiak azaldu duenez, Zubietako kartzela egiteko aurreikusita zegoen lurzorua ez da osorik erabiliko, proiektu hori bertan behera gelditu delako. Kartzelaren ordez presoen gizarteratzeko zentroa egingo dela jakinarazi zuten Donostiako Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak, abuztuaren hasieran. Eraikin horrek kartzelak baino leku txikiagoa hartuko du. Beraz, kartzelaren proiektuan jasota zegoen eta gizarteratze zentroak hartuko ez duen lurzorua erabiltzea proposatuko dio Donostiak Defentsa Ministerioari kuartel militar berria egiteko. Eskusaitzeta inguruan, hain zuzen.

Proposamenak aurrera egingo balu, 300 biztanle pasa dituen Zubietak hartuko lituzke Espainiako kuartel militar berria, presoen gizarteratzeko zentroa eta hondakinen erraustegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.