Asteazkenean Azpeitiko (Gipuzkoa) Ibai-Eder urtegian hilda agertu zen Amaia Azkueren autoa aurkitu zuen, atzo, Ertzaintzak, herri horretako Loiola auzoan. Lekuko batek Uztarria.com Azpeitiko atariari emandako informazioaren arabera, ertzainek eguerdi aldera prezintatu zuten ibilgailua (Renault Megane gris bat), eta 15:30 aldera eraman egin zuten. Autoa Loiolako tren geltoki zaharraren ondoko aparkalekuan zegoen, eta beste lekuko baten arabera, asteazkenetik zegoen bertan aparkatua, emakumea hilda agertu zen egunetik. Udaltzaingoak baieztatu egin zuen autoa Azkuerena zela.
Azkueri ostegunean egin zioten autopsia, eta buruan zein aurpegian jasotako kolpeen ondorioz hil zela baieztatu du Ertzaintzak. Kasua sekretupean dago, eta Poliziak ikerketarekin jarraitzen du.Nolanahi ere, zenbait hedabidek atzo zabaldutako informazioaren arabera, ertzainek emakumearen gorpua aurkitu zutenean eskuak eta hankak lotuta eta ahoa estalita zituen. Informazio berberen arabera, biktimak ez zuen arma zauririk, ezta sexu erasoren baten arrastorik ere.
Azkue Getariako Meaga auzoan (Gipuzkoa) bizi zen, baina bizitza Zarautzen egiten zuen. Han ikusi zuten azkeneko aldiz, asteazkenean, 12:30 aldera. Arratsaldean ez zen agertu lagun batekin ohikoa zuen kafe hartzera, ezta alabak eskolatik jasotzera ere, eta horren ondoren senarrak desagertua zegoela salatu zuen. 17:15ean agertu zen Azkueren gorpua, Ibai-Eder urtegian. Desagertu zen lekutik 25 kilometro ingurura. Gorpua agertu zen lekutik gertu, arropaz beteriko zorro bat eta plastikozko balinen arma azaldu ziren, baina Ertzaintzak ez du baieztatu hilketarekin edota emakumearekin inolako loturarik duten.
Salaketak Urola Kostan
Urola Kosta eskualdeko herrietan Azkueren hilketa salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo, koordinadora feministak deituta. Hain zuzen ere, koordinadorak emakumearen hilketa salatu eta «lehenbailehen argitzeko» eskatu du. «Emakume izateak bere hilketan eragina izan duela iruditzen zaigu. Emakumeon kontra gertatzen diren eraso guztietan sexismoa, inplizituki bada ere, beti agertzen da», adierazi du koordinadorak. Genero indarkeria kasua izan den baieztatu ez duten arren, koordinadoraren iritziz, ezin da alde batera utzi «hildakoaren eta hiltzailearen arteko mendekotasun harremana. Emakumeen kontrako indarkeria ez da beti agerikoa. Egiturazko indarkeria da, gizarteak antolatzeko duen eredutik hasi eta gure bizitzako esparru guztietan izaten dena». Emakumeon Mundu Martxako Plataformak ere elkarretaratzeak antolatu ditu martxoaren 28rako, Euskal Herri osoan.
Orioko Udalak —Azkueren jaioterria— elkarretaratze bat antolatu du gaur eguerdirakoherriko plazan. Hain zuzen, udalak Azkueren «bortxazko heriotza» gaitzetsi du, eta «elkartasuna eta maitasuna» helarazi die hildako emakumearen senideei eta lagunei. Jon Redondo alkateak, gainera, hilketaren gaineko «espekulazioak alde batera uzteko» eskatu zien, atzo, komunikabideei.
Maite Etxaniz Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak ere hilketa gaitzetsi eta heriotza nola gertatu zen «ahalik eta azkarrena» jakiteko itxaropena agertu zuen. Alde horretatik, foru aldundia ikerketan laguntzeko prest egongo dela adierazi zuen Etxanizek. Diputatu izan aurretik, Zarauzko alkate izan zen Etxaniz, eta atzo azaldu zuenez, ezagutzen zuen Azkue.
Loiolan aurkitu dute Azpeitian hilda agertutako emakumearen autoa
Amaia Azkueren hilketa salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Urola Kostako hainbat herritan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu