Loiuko aireportutik (Bizkaia) pasatzen diren hegazkinek inguruko bizilagunei sortzen dizkieten arazoak auzitegira helduko dira etzi, astelehenarekin. Administrazioarekiko auzietarako Bilboko epaitegian Loiuko Udala epaituko dute, familia batek ustez jasaten duen kutsadura kentzeko neurririk ez duelakoan hartu. Hegazkinen zaratak desagerrarazteko neurriak eskatu zizkion herriko familia batek udalari, eta jasandako kalteen ordaina ere bai. Salatzailearen arabera, ordea, kasurik ez dio egin Herriko Etxeak.
Loiuko aireportua zabaldu zutenetik, 2000tik, etengabekoak izan dira inguruko herrietako bizilagunen kexak. Loiun bertan ez ezik, arazoak izaten dituzte Sondikan, Derion, Erandion, Zamudion, Larrabetzun eta Leioan ere. Hegazkinetako motorren bibrazioengatik, hainbat etxetako teilak hautsi egiten dira, eta hormetan pitzadurak dauzkate. Aldian-aldian salatu dute egoera hori inguruan bizi diren herritarrek.
Zaratek sortzen dute, hala ere, arazorik nabariena. Egunero dozenaka hegazkinek aireratzean eta lurreratzean ateratzen duten soinua jasan behar izaten dute bizilagunek. Arazoak sortzen direla onartu du aireportuaren kudeatzaileak berak ere, AENAk. 2.000 etxe zaratatik isolatuko zituela jakinarazi zuen orain bi urte. Espainiako Ingurumen Ministerioak egindako ikerketa bat hartu zuen horretarako oinarritzat; aireportua handitzeak ingurumenean izango lukeen eraginari buruzko azterketa egin zuen ministerioak, eta azaleratu zuen zaratarekin arazoak dituztela inguruko herriguneetako etxeetan.
Kutsadura akustikoaren azterketa zehatz bat badute egina NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek. Etxebizitza batzuetan 110 dezibel baino gehiago hartzen ditu soinuak, haien arabera. OME Osasunerako Mundu Erakundeak 70 dezibelean jarria dauka gehienezko muga; Espainiako eta Hego Euskal Herriko legeek diote 55 dezibeletik gorako soinuak ez direla komenigarriak. NUPeko ikertzaileen arabera, beraz, kopuru hori ia bikoiztu egiten da Loiu inguruko etxe batzuetan.
Lur Maitea elkartea jardun da azken urteetan hegazkinek sortutako arazoen aurka beharrean. Hain zuzen, elkarte horretako presidente Pascual Alonsok jarritako salaketaren harira epaituko dute etzi Loiuko Udala; kutsadura akustikoa, atmosferakoa eta elektromagnetikoa jasaten dituela dio Alonsok, eta eskatu arren horren aurka ez duela egin udalak. Bi urte dira salaketa jarri zuela.
Aurrekariekin itxaropentsu
Salatzaileari arrazoi emateko itxaropena badu Lur Maitea elkarteak. Espainiako Auzitegi Gorenak gisa horretako kasu baten harira emandako epaia du horretarako oinarritzat. Madrilgo Barajasko aireportuko hegazkinek herri batean kutsadura sortzen zutela frogatutzat eman zuen auzitegiak orduko hartan. Elkarteak dio Loiuko kasua are argiagoa dela. Haren arabera, Madrilgo kasuan herriaren eta aireportuaren artean 20 kilometroko distantzia dago; Loiun, berriz, 300 metro eskasera daude etxebizitzak. Soinu mugarekin ere itxaropentsu dira: Gorenak adierazi zuen 78 dezibel baino gehiagoko soinua jasaten zutenez kalte egiten ari zitzaizkiela herritarrei; Loiu inguruko etxeetan 110 dezibeletik gorako kutsadura dagoela dio NUPeko ikertzaileen txostenak.
Lur Maitea elkarteak salatu du Alonsok hiru urte egin behar izan dituela erakundeetan atzera-aurrera eta orain arte ez dutela hartu aintzakotzat. Salaketa bakarra izanagatik ere, Txorierriko herritarrentzat kasu garrantzitsutzat jo du, eta justizia galdegin du.
Loiuko Udala epaituko dute, airekoen kutsaduraren aurka ez egitea egotzita
Herritar batek salatu du udala, zarataren kontra neurririk ez duelakoan hartzen; kalte-ordainak eskatu ditu salatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu