Pirinio Atlantikoko Kontseilu Nagusiko ordezkariak hautatzeko eginen diren martxoko hauteskundeetan, Ipar Euskal Herriko hamar kantonamenduetan aurkeztuko dela baieztatu du Euskal Herria Bai koalizioak, «hirugarren indarra» izateko asmoarekin doala gehituz.
Hauteskunde horiek azken aldiz eginen dira, horrela onartu lurralde erreformaren ondorioz. Hortaz, Euskal Herria Baik ez du duda egiten hauteskunde horien garrantzia «egiazko politika alternatibo bat plantan jartzearen alternatibari begira», bai globalki, baita lokalki ere.
Bere alde bozkatzea alternatiba hori plantan jartzeaz gain, «egoera politiko eta sozial baten kritika eta errefusa adierazteko» bide baten gisa ikusten du. Bi puntu nagusitan laburbildu ditu bere ideiak: batetik, koalizio abertzalea da, eta Euskal Herriaren ezagupena herri gisa eskatzen du, baita eskumen zabaleko koadro instituzionala Ipar Euskal Herriarentzat ere. Bat egiten du baita Gernikako Akordioarekin ere, bake prozesu bati buruz joateko; bigarrenik, progresistatzat dauka bere burua. Tresna demokratiko eta politikoak beharrezkoak ikusten ditu herrian lan eta bizitzeko baldintza duinak denek ukan ditzaten: «Kantonamendu bakoitzaren errealitateaz haraindian, lehentasuna ematen die lurralde osoaren ikuspegiari eta biztanleriaren interesari». «Demokrazia parte-hartzailea» sustatzen eta «klase politikoaren zati nabarmen baten klientelismo hutsa» arbuiatzen du.
Lokalki zein globalki, politika «alternatibo» bat sustatu nahi du EHBaik
Hirugarren indarra izateko asmoarekin joanen da EHBai kantonamenduetako hauteskundeetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu