Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak 2.896 sinadura bildu ditu ezker abertzaleko buruzagiak aske uzteko eskatzeko, eta sinadura horiek Espainiako Auzitegi Nazionalera eta Moncloara eraman zituen atzo.
Auzitegiari politikariok "berehala" askatzeko eskatu dio eta Espainiako Gobernuari legez kanporatze eta atxiloketa gehiago ez egiteko.
Navalcarnero (Espainia) kartzelara ere joan da Lokarri, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari ekimen hari buruzko gutuna emateko. Espetxeko arduradunek, ordea, ez diete eskutitza hartu. Postaz bidaliko du herritar sareak. Hain zuzen, Auzitegi Nazionalak baztertu egin zuen atzo Otegi behin-behinean libre uztea.
Permach, Alvarez eta Aldasoro libre, bermepean
Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Juan Kruz Aldasoro Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak aske utzi dituzte gaur, bakoitzak 50.000 euroko bermea ordainduta. Permach 14:00ak baino lehen atera da Sevilla II espetxetik (Espainia); Alvarezek, berriz, arratsaldearen hasieran utzi du Logroñoko espetxea (Espainia), eta Aldasorok, azkenik, 17:00 aldera Puertokoa (Cadiz, Espainia).
Hirurek politika egiteko debekua izango dute, baita Espainiako Estatutik ateratzeko debekua ere. Antzeko neurria ezarri diete aurreko asteetan baldintzapean aske geratutako Batasuneko eta ezker abertzaleko beste kide batzuei. Azkena, kasu, Karmelo Landari, otsailean.
2007ko urrian atxilotu zituzten Permach, Alvarez eta Aldasoro, eta behin-behineko espetxealdian daude. Permach eta Aldasoro Seguran atzeman zituzten, urriaren 4an, Mahai Nazionalaren aurkako operazioan. Alvarez Donostian atxilotu zuten, urriaren 2an, egun batzuk lehenago hirian bertan euskal presoen aldeko manifestazio batean parte hartzeagatik.
politika
Lokarri-k ia hiru mila sinadura bildu ditu ezker abertzaleko kideen askatasuna eskatzeko
Atzo Espainiako Auzitegi Nazionalera eta Moncloara eraman zituen. Permach, Alvarez eta Aldasoro libre gelditu dira gaur, bermepean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu