"Bakea sendotzeko eta akordiora iristeko elkarrizketa prozesuari berriro heltzeko", Lokarri prest azaldu da Euskal Herrian erabaki eskubideari buruzko ehun galdeketa egiteko. Eragile sozial, sindikal eta politikoekin egingo luke lan kontsultak antolatzeko, Paul Rios koordinatzaileak gaur Bilbon egin duten ekitaldian esan duenez. Honen arabera, "euskal" gizarteari dagokio bere etorkizuna erabakitzea.
"Batasunak ordezkatutako ezker abertzalearekin kolaboratzeko" ere prest azaldu da Akordioaren, Kontsultaren eta Berradiskidetzearen Aldeko Herritarren Sarea, baina bi eskaera egin dizkio: "Aukeren garai hauetan ETAren indarkeria izanik arrisku handienetakoa, Batasunari gaurdanik konpromiso hau izateko eskatzen diogu: 1. Indarkeriaren erabilpenari uko egiteko. 2. [Indarkeriaren] erabilpen ororen aurka azaltzeko, edo [indarkeriaren] erabilpenaren mehatxuaren aurka azaltzeko".
Lokarrik azpimarratu du ezker abertzaleak "bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua" egin berri duela, "eta hori aukera handia da elkarrizketaren eta akordioaren bidean behin betiko aurrera egiteko".
ETAk atentatua egiteko beldur dela dio Lokarrik, "horrek bakerako aukerak zapuztuko lituzkeelako". Batasunaren legez kanporatzearen eta haren zuzendaritzako kideen kartzelatzeen aurka ere mintzatu da, eta azaldu du prest dagoela hori salatzeko lan egiteko.
politika
Lokarri prest azaldu da erabaki eskubideaz ehun galdeketa antolatzeko
"Batasunak ordezkatutako ezker abertzaleari" kolaborazioa eskaini dio, baina "indarkeriaren erabilpenari uko egiteko" eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu