"Prozesu atzeraezin baten aurrean gaude, baina blokeo arriskua dago". Hala uste du Lokarri herritar sareak, bake prozesuaren Behatoki Sozialaren 13. txostenaren aurkezpenean gaur esan duenez. Urte honen hasierako galdetegia erantzun duten 1.042 lagunen ekarpenetatik atera du ondorio hori Lokarrik.
Orain jendea 2011ko udazkenean baino ezkorrago dagoela deritzo herritar sareak. "Bake prozesuak atzerabueltarik ez duela pentsatzen duten lagunen uste sendoa zabal inposatzen da. ETAren ekintza armatuaren behin betiko amaiera, nazioartearen babesa eta euskal gizartearen erabakitasunak prozesuaren atzeraezintasunarengan dagoen konfiantzaren oinarri dira. Hala ere, Espainiako Gobernuaren erantzun ezak egonezina sortzen du eta prozesuaren blokeo arriskuaz ohartarazten da".
Lokarrik txostenean "gomendio" batzuk egin ditu. Esaterako, haren arabera, "elkarrizketa politikoak" behar dira eta honek "prozesu barne hartzaile eta partekatua" izan behar du. Hala, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio gizartean ordezkaritza duten indar politiko guztiak baldintza beraietan aritu behar direla hizketan.
Sortu ezker abertzaleko alderdi politikoa lehenbailehen legeztazeko eskatu du. "Horrek ezberdinen arteko elkarrizketa normala ahalbidetuko luke".
Espainiako eta Frantziako gobernuei, berriz, galdegin die ETArekin harremanak abiatzeko, "indarkeriaren behin betiko amaiera egiaztatze aldera, Aieteko Adierazpenaren 2. puntuak eskatzen duen bezala". Egungo espetxe politika aldatzeko ere eskatu die: sakabanaketa amaitzeko, eta gaixotasun larriak dauzkaten pertsonak eta zigorrak beteta dauzkatenak askatzeko.
Donostian aurkeztu du Lokarrik txostena, Koldo Mitxelenan. Aitziber Blanco, Ana Elvira eta Manu Vilabrillek eman dute prentsaurrekoa.