Lokarrik Aieteko Adierazpena babesteko kanpaina abiatu du

ETAk indarkeria utzi zuenetik sei hilabete igarota bake prozesua «errotzeko» garaia dela dio herritarren sareak

Erredakzioa
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak Aieteko Adierazpenaren aldeko sostengu kanpaina abiatu du herritarren artean. Adierazpena ezagutarazi zenetik eta ETAk bere jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik sei hilabete bete direnean hasi du kanpaina, bake prozesuari bultzada emateko garaia delakoan.

Iazko urriaren 17an izan zen Donostiako Nazioarteko Konferentzia, eta han onartu zuten Aieteko Adierazpena. Hiru egun geroago, urriaren 20an, ETAk iragarri zuen borroka armatua bertan behera uzten zuela. Lokarriren ustetan, horrek guztiak ekarritako egoera aldaketa hain garrantzitsuaren ondoren, «arrazoizkoa» zen denbora behar izatea norberaren jarduera egokitu ahal izateko, baita Espainiako Gobernuaren kasuan ere. Haatik, ordutik sei hilabete igaro dira, eta Lokarrik uste du ez dela «zain geratzeko ordua». Herritarren sarearen arabera, «paregabea da bakea eta bizikidetza errotzeko euskal gizarteak duen aukera», eta une historiko honek «denon lankidetza» behar du.

Ordea, oraindik Espainiako Gobernuak ez du aurrerapausorik eman. Ez da ETArekin harremanetan jarri, desarmatze eta halako gai garrantzitsuak lantzeko, eta presoei ezarritako «zigor gehigarriei» eutsi eta gizarteratze prozesuaren ateak itxi egin ditu, Lokarri salatu duenez. Halaber, uste du alderdi politikoen artean elkarrizketa eraikitzailea falta dela, eta adostasunari begira egindako ahaleginak«bikoiztea» ezinbestekoa dela deritzo.

Kanpainaren edukia

Hori horrela, Lokarrik Aieteko Adierazpenari babesa emateko eskaria egin dio gizarteari, bake prozesua « errotzeko» herritarren sostengua funtsezkoa dela iritzita. Izan ere, herritarren sarearen aburuz, adierazpen horrek indarkeriaren amaieran, maila guztietako elkarrizketan, adostasunean eta adiskidetzean oinarritutako bide orria proposatzen du, eta «ahalmen handia» du etorkizunari begira. Hortaz, nazioarteko inplikazioari euskal gizartearen sosteguna batuz gero, «bake justu eta iraunkorra» indar handiagoarekin bultzatzea lortuko dela uste du Lokarrik.

Aieteko Adierazpenari atxikimendua emateko hasitako kanpaina askotariko euskarrien bidez egingo da. Lokarrik jakinarazi duenez, adierazpenari sostengua emateko eskatzen duten 15.000 eskuorri bidali ditu posta bidez, eta 10.000 ale banatzen hasiko da asteburu honetan bertan Hegoaldeko hainbat herri eta hiritan. Era berean, aiete.org webgunea martxan jarri du, bertan sostengua emateko bide ugari eskaintzen dituelarik: adierazpena sostengatzeko, alderdi politikoei gutunak bidaltzeko edota kanpainaren hedapenean laguntzeko aukera dago.

Horrekin batera, konferentziari buruzko liburu bat argitaratuko du aurki, gaztelania-euskaraeta ingelesa-frantsesa bertsioetan. Datorren astean aurkeztuko du liburu hori, mahai inguru batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.