Lokarrik bat egin du Sortu legeztatzeko martxarekin

Gernikako Akordioaren sinatzaileen ekitaldi bat izango delakoan, Ezker Batua ez da izango Bilboko manifestazioan

Erredakzioa
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak babesa azaldu dio Sortu legeztatzearen alde gaur Bilbon egingo duten manifestazioari. Erakundearen arabera, Sortuk Espainiako Alderdien Legea bete du, «soilik bide baketsuen eta demokratikoen alde egin duelako eta ETAren indarkeria errefusatu duelako».

Lokarrik adierazi duenez, Sortu «legezko alderdia izan behar da, eta, beraz, berdintasunez politikan parte hartzeko eskubide osoa du». Sortu legeztatzearen aldeko bigarren manifestazioa izango da gaurkoa, otsailaren 19an egin baitzuten lehena. Hartan ere, Lokarrik bat egin zuen martxarekin.

Ezker Batua-Berdeak, aldiz, ez da izango Bilbon, alderdi horretako koordinatzaile Mikel Aranak jakinarazi duenez. Haren ustez, gaurko manifestazioa, «aldarrikapenerako ekitaldi bat izan beharrean, ekitaldi politiko bat izango da: Gernikako Akordioaren sinatzaileek hauteskundeei begira eginiko ekitaldi bat».

Donostian agerraldia egin zuen atzo Ezker Batuak. Aranak argi utzi nahi izan zuen bere alderdiak manifestazioaren helburuarekin bat egiten duela eta hori ez dela martxara ez joateko arrazoia. «Behin eta berriz esan dugu Sortu legezko alderdia izan behar dela, baina uste dugu martxara deitu dutenek ez dutela herritar gehienak elkartzerik nahi. Izan ere, ez gaituzte gonbidatu», ziurtatu du Aranak. Gaurko manifestazioa «Gernikako Akordioaren sinatzaileen ekitaldi politiko bat» dela uste duen heinean, Ezker Batua edo beste edozein alderdi manifestazioan izateak ez duela zentzurik iritzi dio Aranak.

Atxikimendu ugari

Herenegun, Gernikako Akordioa sinatu duten gazte mugimenduek egin zuten bat gaurko martxarekin —Alternatiba Gazteak, Ikasle Abertzaleak, gazte independentistak, Gazte Abertzaleak eta GaztEHerria—. Lehenago, Gernikako Akordioaren sinatzaileez gain, beste hainbat eragilek ere babesa adierazi diote Sortu legeztatzearen aldeko martxari. Horien artean dira AAM Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta ELA sindikatua.

17:30ean abiatuko da manifestazioa, Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain! lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.