Lokarrik jakinarazi duenez, igandean, 12:00etatik aurrera, elkarretaratzea egingo du Gasteizen, Ajuria Enea aurrean, Badugu alternatiba bat. Bakea-Giza Eskubideak-Elkarrizketa politikoa lelopean. "Patxi Lopez [Eusko Jaurlaritzako] lehendakariari bakea lortzeko bere estrategia alda dezala eskatzea izango da elkarretaratzearen helburua", Lokarrik dioenez.
Igandean bertan, eta Ajuria Enean Jaurlaritzak antolatuta, Gerninako Estatutuaren 30. urteurreneko ospakizun ekitaldia izango da.
"Bake prozesuaren blokeo eta okerragotze aldi batekin bat dator urtemuga", dio Lokarri akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko herritarren sareak. "Jaurlaritzak alde bakarreko estrategia baten alde egin du apustu, euskal gizarteak pairatzen dituen indarkeria eta bizikidetza arazoak konpontzeko. Hauteskunde aurreko kanpainan elkarrizketa gehiago eta akordio transbersal gehiago iragarri zituen. Aldiz, oinarrizko askatasun demokratikoen murrizketan, bazterkerian eta elkarrizketa bultzatzeko ukazioan oinarritzen ari da bere gobernu ekintza".
Lokarriren iritziz, "beharrezkoa da indarkeriaren amaiera, giza eskubide guztiekiko errespetua eta elkarrizketa politikoa, inor baztertu gabe, abian jartzea".
Lopez lehendakariak ehun herritarrekin ospatuko du jaia. Herritarrez gain, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak ere izango dira igandeko ekitaldian. Jaurlaritzak jakinarazia duenez, Lopezek Estatutua goretsiko du, eta dena betetzeko ere eskatuko du -40 bat eskumen falta dira jasotzeko; 1979an onartu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Estatutua-.
politika
Lokarrik elkarretaratzea egingo du igandean Ajuria Enea aurrean, "bakea lortzeko estrategia aldatzeko" eskatzeko Lopezi
Eusko Jaurlaritzak Gerninako Estatutuaren 30. urteurreneko ospakizun ekitaldia egingo du orduan. "Bake prozesuaren blokeo eta okerragotze aldi batekin bat dator urtemuga", dio Lokarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu