Lokarri herritar sareak ezohiko batzarra egingo du otsailaren 11n, ETAk borroka armatua bukatu osteko egoera aztertzeko, eta hiru lehentasun jarri ditu: indarkeriaren amaiera ziurtatzea, berradiskidetzea eta elkarrizketa politikoa.
Indarkeriaren behin betiko amaiera ziurtatzeko prozesua ETA eta Espainiako Gobernuari dagokiela aipatu du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak gaur, batzarra aurkezteko emandako prentsaurrekoan. "Baina harreman bide bat irekitzen ez duten bitartean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen lana oso garrantzitsua da indarkeriagatik mehatxatuta egon diren sektoreei ziurtatzeko itzuliezintasuna bermatuta dagoela".
Elkarrizketa politikoaren prozesua bizikidetza esparru bat definitzeko litzateke, herritar sarearen arabera, "euskal gizartean dauden desberdintasunei era baketsu eta demokratikoan ekitea ahalbidetzeko". Prozesu horren subjektu
nagusia alderdi politikoak direla uste du, "betiere herritarren partaidetza aintzat hartzen".
Berradiskidetze sozialaren prozesuaren helburua "zauriak konpontzea eta iraganean gertatutakoa berriz ez errepikatzeko oinarriak jartzea da".
Lokarrik instituzio, alderdi politiko eta eragile sozialei eskatu die hausnarketarako ahalegin bat egin dezatela bakerako estrategiak egoera berrira egokitzeko. Uste du "pixkanaka adostasunak" sortzen ari direla, eta adibide bat jarri du: kartzela politika. "Eusko Jaurlaritzatik hasi eta alderdi politikoen gehiengo handietara arte espetxe politikan aldaketa eskatzen da".
Riosek esan du "biktima guztien" aitorpenenean aurrerapausoak eman direla. Alderdi politikoen arteko harremanetan "normaltasun handiagoa" egotea ere positiboa dela adierazi du.
Aldiz, Espainiako Gobernua geldirik dagoela azpimarratu du. "Bake prozesuaren blokeo irudikapen bat sor dezake. Ulertzen dugu denbora behar izatea bere estrategia definitzeko, baina ezin da aitzakia izan geldirik eta ezer egin gabe egoteko".