«Su-etena hausten duela dioen agiririk ez dagoen bitartean, bide onean goaz», esan du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak ETAren azken agiriak jaso dituen kritikei erantzunez. Hala ere, erakunde armatuak agirian erabilitako hizkuntzak «arazoren bat» sortu duela ukaezina dela dio. ETAk su-etenaren egiaztatze «informala» onartu izanak gaizki ulertzeak eragin ditzake, Riosen ustez. Formulazio hori ez dela «egokiena» esan du Lokarrikoak, baina «informal» izaera horrek «ofiziala ez den edo gobernuz kanpokoa den egiaztatzea» esan nahi duela azaldu du.
Riosen esanetan, «gobernuak egiaztatze horretan parte hartzea litzateke desiragarriena, baina ez dagoenez horretarako prestasunik, bestelako egiaztatze formula ez-ofizialak bilatu beharko dira». Hori egitea «posible» eta gomendagarria dela dio, «herritarrei iraganera itzultzeko arriskurik ez dagoen lasaitasuna eta bermea» emango liokeelako.
ETAk orain arteko jarrerari eusten badio, su-etena egiaztatzeko bidean aurrera egiten bada eta ezker abertzalea legeztatzea «lortzen» bada, «bake prozesua benetan atzeraezina izan dadin oinarriak» jarriko direla uste du.
Bestalde, Nazioarteko Harreman Taldearen lana konponbidera iritsi ahal izateko «konfiantza sortzea» dela azaldu du, eta taldea aste honetan dela biltzekoa.
Lokarriren ustez, ETA «bide onean» dago prozesuaren oinarriak jartzeko
Nazioarteko Harreman Taldea aste honetan bertan biltzekoa dela baieztatu du Paul Riosek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu