Hezkuntza erreforma betearazteko erabateko asmoa duela ohartarazi du Espainiako Hezkuntza Ministerioak. LOMCEren jarraipenari buruzko webgune bat aurkeztu du, eta bi hutsune handi ageri dira mapan: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Katalunia. Lehen Hezkuntzan LOMCE garatzeko dekreturik ez dute onartu oraindik.
Ministerioak aitortu du aurreratu samar dagoela dekretuak egiteko prozedura —Jaurlaritzak, adibidez, gobernu kontseiluak onartzea bakarrik falta du—, baina berandu dela ohartarazi du. “Urtebeteko atzerapena dute”. Errekerimendu bat jartzea aztertzen ari da horregatik ministerioa; “ez ekitea” leporatu die bi erkidegoei.
Jose Ignacio Sanchez Ebaluazio zuzendariak azaldu du erkidegoek onartutako curriculumak aztertu egin behar dituela Hezkuntza Ministerioak; “estatuko legea” betetzen duten egiaztatu nahi dute. Alta, Jaurlaritzak eta Generalitateak ez diote informazio hori bidali oraindik.
Auzibidea hasteko lehen pausoa litzateke errekerimendua bidaltzea. Eskariari kasu egin ezean, auzitara joko luke ministerioak. Lehen Hezkuntzako curriculumari buruzkoa da salaketa oraingoz.
Datorren ikasturtean DBHn eta Batxilergoan hastekoak dira LOMCE ezartzen, baina atzeratuta daude curriculumak. Jaurlaritzak eta Generalitateak ez ezik, beste erkidego askok ere ez dituzte oraindik onartu dekretuak —Nafarroak ere ez—. Ministerioak adierazi du denbora badagoela oraindik irailera arte. Edonola ere, beste aukera bat jarri die mahai gainean: erkidego batek ikusten badu ez duela astirik curriculuma onartzeko, ministerioak ezarritako edukiak osorik aplikatzea.